AMAIA EREÑAGA
BILBO

«Beste martxa bat sartu behar da Bilbon, euskaldunok bigarren mailakoak garelako»

Hamar urte betetzeak, hots, Bilboko Loraldia jaialdiak aurten betetzen dituenak, atzera begiratzeko beta eskaintzen du. Eta ikusitakoak zapore gazi-gozoa utzi dezake. Sorkuntzaren aldetik pozik -120 sortzaile eta 13 areto, aurtengo edizioan-, baina, hamarkada baten buruan, hiriaren euskararekiko konpromiso eza salatu du Imanol Agirrek.

Loraldia jaialdiko eta erakundeetako ordezkariak, Arriagaren aurrean.
Loraldia jaialdiko eta erakundeetako ordezkariak, Arriagaren aurrean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Kirmen Uribek idatzitako poema batetik jasotako “Munduari begiratzeko modu bat” esaldia lelotzat aukeratu du Bilboko Loraldia Festibalak bere 10. ediziorako. Hamar urte beteko baititu aurten, eta urteurren biribil honetan, ohi bezala, euskaraz sortzen den mundua ikusteko begirada propioa erakutsiko da Bizkaiko hiriburuan.

Mota honetako datek atzera begiratzeko tartea ematen dute. Sormenari dagokionez, datuak esanguratsuak dira, eta baikortasunerako bidea zabaltzen dute: martxoaren 1ean hasi eta 23ra arte, Loraldiak 28 ekintza antolatu ditu, euskal kulturaren adar guztiak ukitzen dituztenak. Beraz, hiru asteetan 120 artista baino gehiagoren ekitaldiez beteko dira Bilboko 13 areto. Ekitaldi batzuen sarrerak bukatzen ari dira dagoeneko.

Bilboko Arriaga antzokian aurkeztu zen atzo 10. edizioa. Aurrekontuan, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lakuako laguntza jasotzen du jaialdi honek. Eta prentsaurrekoan bertan bildutako erakundeetako ordezkarien aurrean Imanol Agirrek, Loraldiaren zuzendari artistikoak, ohikoa izaten ez den zintzotasun ariketa egin zuen, atzera begiratzea eskatu zitzaionean.

EUSKALDUNAK, BIGARREN MAILAKOAK

Jaialdia handitu da eta iraunkortasuna izatea lortu du, hiru erakundeei esker, Agirrek aitortu zuenez. Zentzu horretan eskertu nahi izan zuen erakunde publikoen inplikazioa, baina kritikarako bidea zabaldu zuen era berean. Euskal kulturaren susperraldia antzeman da hamar urteen buruan, baina euskararekiko hiriak duen jarrera ez da denbora honetan asko aldatu, bere ustez: «Nik esango nuke hiria ez dela asko aldatu -aipatu zuen-. Oraindik jarraitzen dugu antzinako martxan. Plan Estrategiko batera gonbidatu gintuzten eta esan genuen beste martxa bat sartu behar dela Bilbon, euskaldunok bigarren mailako pertsonak garelako hemen. Orain gutxi joan ginen Bilboko leku ofizial bat ikustera eta erdarazko izena baino ez zuen. Eta galdetu genuen: ‘Nola ez dauka euskarazko izena La Perreran?’ [La Perrera-Konektari buruz ari zen, Udaleko Gazteria eta Kirol Sailak babestutako gune soziokulturala]. Hori Bilboko paisaiaren argazki bat da. Nik uste dut hiriari falta zaiola beste martxa bat, eta behintzat guk euskaldunok horrela eskatzen dugu, konpromiso gehiago eskatzen dugu. Bilbok, esate baterako, ez dauka Euskararen Ordenantza, eta Iruñeak bai».

HIRU ASTEETAN, EUSKAL SORKUNTZA

Aurtengo Loraldia Festibalak martxoko hiru astetan euskaraz sortzen den kultur eskaintzaren munduko txoko guztien erakusleihoak herritarren aurrean jarriko ditu: bertsolaritza, teatroa, musika, zinema, dantza, ikus-entzunezkoak… Euskal kulturaren bilgunea izanda, euskal munduan erreferentziazkoak diren zenbait lagun izango dira: Kirmen Uribe, Jon Sarasua, Lorea Agirre, Miren Narbaiza, Toti Martinez de Lezea, Mikel Urdangarin, Nerea Arrien, Jon Maia, Rafa Rueda, Patxo Telleria… besteak beste. Horrela 120 sortzailetik gora.

Gainera, jaialdia sortzaile gazteentzako espazioa ere bada, eta horregatik Loraldia Terminalean gorantz datozen zenbait artista arituko dira: Araitz Katarain, Izaro Bilbao, Iñigo Xalbador, Janire Arrizabalaga, Amaiur Luluaga, Eñaut Zubizarreta...

Ekoizpen propioei dagokionez, 2024ko edizio honetan hiru nabarmentzen dira: bat, “Gorputzaren atzean” (martxoaren 3an, Alondegian). Jaialdiak berak emandako bekaren irabazleek sortuta -UPV-EHUko irakasle talde bat da eragilea- eta Katixa Agirrek idatzi duen gidoiarekin, 2050. urtean gertatzen den pieza digitala da.

Bigarrena, “Goroldiorik ez. Andreak eraztun berdean” (martxoaren 16an) natura eta kultura biltzen dituen proiektua da. Mendi ibilbide gidatu honetan Bilboko hainbat emakumeren bizitzak ezagutzeko aukera eskainiko dute, Irati Agirreazkuenagaren gidaritzapean.

Eta Loraldiak sortutako formatu berezi bateko ikuskaria, urtero antolatzen dena: “Bihar, Atzo, Gaur, Bihar” (martxoaren 17an) izenekoa, Guggenheim museoan ikusgai izango da. Urtero idazle bati eskatzen baitzaio geroari begira jarri eta testu bat asmatzea; eta horren gainean musika sortzen da. Iban Zalduak testua irakurriko du, Ibil Bedik musika jarriko dio eta Miren Artetxe eta Alaia Martin arituko dira bertsotan.