Manex ALTUNA
ATHLETIC

Djalori Bilbora itzultzeko ateak zabaldu dizkiote Bragarekin sartutako golek

Lehen taldeko jokalari Malcom Adu Aresen lehengusua da, eta Bizkaiko taldeetan jokatzen hasi ostean, Portugalera joan zen gazteen mailan.

Alvaro Djalok 24 urte ditu, eta 11 gol sartu ditu denboraldi honetan.
Alvaro Djalok 24 urte ditu, eta 11 gol sartu ditu denboraldi honetan. (Miguel RIOPA | AFP)

Alvaro Djaloren izena bolo-bolo dabil Athleticen jarraipena egiten duten hedabideen artean. Izan ere, 11 gol sartu ditu denboraldi honetan Sporting Bragarekin, eta talde zuri-gorria indartzeko jokalari aproposa izan liteke; areago, Athletic datorren denboraldian Europan aritzeko sailkatzen bada. Partida gehiago egongo dira, eta futbolari gehiagoren artean banatu beharko dituzte minutuak hiru txapelketetan lehiakorrak izateko.

Djalo Madrilen jaioa da, 1999an. Vallecasen bizi ondoren, bost urterekin Bizkaira etorri zen. Athleticeko Malcom Adu Ares lehengusua du. Basauriko UD San Miguel taldean hasi zen futbolean jokatzen, eta gazteen mailan SD Begoñan bi denboraldi egin zituen. Bilboko taldeko jokalaria zela probak egitera joan zen Portugalera, eta Sporting Bragaren harrobian sartu zen 2017an. Bost urte beranduago egin zuen debuta lehen taldearekin Portugaleko Ligan.

Djalo Williams anaien antzeko futbolaria da, hegaletatik mugi daitekeen erasoko jokalaria baita. Iaz lau gol egin eta lau asistentzia eman zituen, Liga, Kopa eta Europa League artean jokatutako 32 partidetan. Aurten pauso bat aurrera eman du, eta 11 gol daramatza sartuak. Horietatik sei Portugalgo Ligan egin ditu, eta beste bostak Txapeldunen Ligan. Sporting Bragak ez zuen multzoko fasea gainditu, eta Europa Leagueko kanporaketan Azerbaijango Qarabag taldearekin neurtuko ditu indarrak ostegun honetan. Portugalgo Ligan laugarren tokian sailkatuta daude: Benfica, Sporting eta Portoren atzetik.

Djalok 2027ra arteko kontratua dauka Bragan, eta 20 milioi euroko etete klausula. Dena den, badirudi Portugalgo taldeak begi onez ikusten duela irteera prezioa jaitsi eta negoziatzeko aukera. Sporting Bragarekin egindako golek Bilbora itzultzeko ateak zabaldu dizkiote Djalori. Jokalariak aitortu izan du Athletic talde «garrantzitsua» dela bere bizitzan, bere lagun guztiak talde zuri-gorriaren zaleak direla, eta «polita» izango litzatekeela familiarekin berriro batzea.