MAIDER IANTZI
DONOSTIA

«Gizon barregarriak»: gaztetasuna eta zahartzaroa, umorez batuta

Lau lagun dira Joxean Agirrek Elkarrekin argitaratu duen eleberriko protagonistak. Atrako bat antzeztera jostatzen diren lau jubilatu. Maria Mendizabal Antropologia ikasle azkarra sartzen denean abiada hartzen du tramak, gaztetasuna emanez zahartzaroko gogoetei.

Joxean Agirre Odriozola, nobela berriarekin, Donostian.
Joxean Agirre Odriozola, nobela berriarekin, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

“Gizon barregarriak” aurkeztu zuen atzo Joxean Agirre Odriozolak (Azpeitia, 1949), Elkar argitaletxearekin plazaratutako eleberria. Izenburuak iradokitzen duen bezala, umoreak leku garrantzitsua du, eta tonu horri eustea izan da zailena, egileak aitortu zuenez. «Umorearen gakoa narratzaileak bizitzaren eta munduaren gainean daukan begirada bat da, dibertimenduzkoa, grazia egingo balio bezala... Ez beti. Zahartzaroari begiratzen dionean, ilundu egiten da begirada hori. Baina bestela, oro har, dibertimenduzko tonua du».

Gizon barregarriak lau adiskide dira, jubilatu ondoren aspertzen hasita, atrako bat eta bahiketa bat antzeztera jolasten direnak. 40 urte lehenago elkarrekin ibili ziren polimilien komando batean, eta ekintza haiek gogoratzeko bide ematen die jostetak. Beste arrazoi bat ere badu simulazioak: garai hartan atzetik izan zituzten lehen promozioko ertzainekin sagardotegian egin duten apustua. «Egin atrako bat, eta baietz harrapatu!».

Xabier Mendiguren Elizegi Elkarreko editoreak azaldu zuenez, zenbait hari interesgarri eta komiko txirikordatzen ditu Agirrek: zahartzaroaren eta maskulinotasunaren inguruko gogoetak, garai bateko ideal eta helburuen zimeltzea, baita gaztetasunaren gorazarrea ere, gizon irrigarriek adinako protagonismoa baitu Maria Mendizabal Antropologiako ikasle gazte eta distiratsuak, zeina uniformedunen usainei buruzko doktore tesia egiten ari den.

«Hari guztiak esfortzu handirik gabe lotzen joan ziren. Hori izan da ederrena», adierazi zuen idazleak. «Atrako eszena batzuekin hasi nintzen. Zahartzaroaz hitz egitea zen abiapuntua, baina ez zuen despegatzen neska bat sartu arte. Gozamena izan da idaztea».

ESPERIMENTU BAT

«Xarma izugarria izateaz aparte, neska hau azkarra da, anbizioa dauka, eta badu landa lan bat sexu azkarraren inguruan. Azalean azaltzen den terraza horretan elkartzen dira narratzailea eta neska, tarteka. Catherine Milleten ‘La Vie Sexuelle’ liburuarekin beti eduki dut zalantza: hau posible da Parisen eta artearen munduan, baina Azpeitian edo Donostian idatziko balitz zer gertatuko litzateke? Hemen sartu dut esperimentua», kontatu zuen Zarautzen bizi den azpeitiarrak.

Maria Mendizabal doktore tesi bat egiten ari da uniformatuen usainei buruz. Idazlearen bizipen batekin lotuta dago hori. “Ikastola” aldizkarian ibili zen luze, eta maiz joaten ziren komentuetara, bertan muntatzen zituztelako ikastolak. Usainagatik mojak edo fraideak bizi izan ziren asmatzen zuen Agirrek. Nobela osoa zeharkatzen du usainak.

Hirugarren lerro bat ere bada: protagonistari gaztetan poliziek nobela bat aurkitu zioten etxean, euskaraz, eta komisarian itzultzeko eskatu zioten, ahoz eta momentuan. Bera, itzuli ordez, beste nobela bat asmatzen hasi zen.

EPAITEGIA, TABERNA ETA HAIZEAREN ORRAZIA

Hiru agertoki nagusitan gertatzen da istorioa: epaitegian, Donostiako Ibaetako taberna batean eta Haizearen Orrazian.

«Haizearen Orrazia eszenatoki hain ona da itsasoari begira konfidentziak egiteko eta hitz egiteko...», adierazi zuen. Kontatu zuenez, «harreman bortxatu samarra da» narratzaileak emaztearekin duena. Chillidaren eskulturan daudela, «tarteka emazteak ematen dizkio besarkada batzuk, eta apuratu egiten da gizona».

Lau adiskide gizonezkoek «borroka armatua erabiltzen dute bromak egiteko. ‘Amore eman duzue’, esaten die neskak». Narratzaileak ez du mundua aldatzeko asmo berezirik. Protagonista femeninoa, berriz, antipodetan dago, bera da benetako borrokalaria.