Estibalitz EZKERRA
Literatua kritikaria

Poesia

Norbaiti irakurri nion duela gutxi zeinen hutsal diruditen eguneroko kontuek genozidio bat gertatzen ari den unean. Gugandik kilometroetara, bai, baina ezin dezakegu esan ezer ez genekienik edo sorpresaz harrapatu gaituenik. Hamarkadetan zehar garatzen joan den giza, animalia, eta ingurumen sarraskia da. Hitzok irakurrita, afektu komunitate baten parte sentitu naiz; Palestinako lurralde okupatuetan gertatzen denaren aurrean samin, frustrazio eta ezintasun bera sentitzen dituen komunitatearena.

Gaur, lerrook irakurlearengana iristen direnerako, herenegun Mosab Abu Toha poetari ondokoa irakurri diot: “Une honetan Gazari buruzkoa ez den poesia idaztea biraozkoa da. Gazaren ostean poesia idaztea barbaroa da”. Adornok Auschwitzi buruz idatzitakoa parafraseatzen ari da Gazako poeta. Galdera zera da, Adornorentzat Shoah-k adierazi zuen impasse intelektuala Gazak eta, oro har, Palestinak ere adieraz dezaketen.

Hamid Dabashi pentsalari irandarraren hitzetan, “ispiluz egindako atondo batean gaude, non kulturak eta kultur kritikak elkar islatzen duten, desafio, kontsolamendu, eta askapenaren ilusioa sortuz, baina egiazki gu amildegian behera gero eta sakonago murgilduz”.

Dabashik 2014an idatzi zituen hitzok, Gazaren kontra (berriz ere, beti ere,) Israelek egindako erasoetako baten harira.