Ane URKIRI
GERNIKA-LUMO
GERNIKA WINTER SERIES TXAPELKETAKO FINALA

Aritz Erkiagaren beste maisulan bat, Goikoren «the last dance» saioan

Gernika Winter Series torneoaren hirugarren edizioko txapeldunak dira Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea (11-15 eta 6-15). Ispasterkoak txapelketa betea osatu du, bai eta finala ere, atzean txukun erantzun duen markinarrarekin, bere aurreneko torneo handian. Iñaki Osa Goikoetxea, bere azken partidan, eta Unai Lekerikabeaskoa nahi eta ezinean aritu ziren, batez ere bigarren jokoan.

Ion Ibarluzea eta Aritz Erkiaga, txapela buruan dutela, eta atzean, euren lagun eta senideak, pozik.
Ion Ibarluzea eta Aritz Erkiaga, txapela buruan dutela, eta atzean, euren lagun eta senideak, pozik. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Kirolak badauka artetik ere. Batzuek beren elegantziagatik egiten dute distira, beste batzuek indarra ongi maneiatzeagatik; badira estrategiaren bitartez artelan bat egin dezaketenak ere, eta azken horiekin batera daude Aritz Erkiagaren erakustaldi andana. Atzo, Gernika Winter Serieseko finalean, beste maisulan bat osatu zuen, txapelketa honetan bere bigarren txapela lortzeko, bizkartzain Ion Ibarluzea debutaria zuela.

Ez zen edonolako finala izan eta ez zuten edonolako aurkaria izan. Iñaki Osa Goikoetxea, txapelketa hasieran askok faboritotzat jotzen zutena, eta Unai Lekerikabeaskoa indartsu iristen ziren finalera, bikote orekatuenaren etiketarekin. Are gehiago, aurrelari zumaiarraren azken partida zen eta, ibilbide profesional loriatsuari beste lorpen bat gehitu nahia bizi-bizi zegoen. Baina horien guztien gainetik, handi egin zen Ispasterkoa eta beste masterclass bat eman zuen, bat gehiago bere ibilbide zabalean.

«Erremate asko eta askotarikoak egiten dituzunean, aurkaria aukera guztietara adi egotera behartzen duzu eta horrekin jokatzen ahalegindu naiz. Frontoi hau egokia da errematerako eta dena ondo atera da», azaldu zion GARAri Erkiagak, jarraitzaileak argazki eske zituela.

«PANTERA ARROSAK», ATZETIK AURRERA

Ion Ibarluzearen pare bat akatsekin hasi zen partida; 2-0 aurreratu ziren Goiko eta Lekerika. Hauen estrategia argia zen: atzean jokatzea, Erkiaga jokoz kanpo uztea. Hein handi batean, lortu zuten hasieran -Ispasterkoak ere egin zuen hutsen bat, 3-2koan- eta une askotan aginte-makila eurena izan zen. Erkiaga berotzen hasi zenean, baina, errukirik gabe aritu zen, tantoak hasi eta buka menderatuz. Hala, estu zegoen markagailua apurka-apurka “pantera arrosen” alde jausten joan zen.

Zazpina berdintzeko Lekerikaren dotorezia ez zen errepikatu hurrengo tantoan (7-8) eta Erkiagak, asmo handiarekin txik-txak eginez -lurra eta paretak elkar topatzen diren lekura botaz-, tartea ireki zuen. Ez zen izan tanto soil bat, aurrerago 4-6koa izan zitekeen moduan -9tik, horma-biko zitala-. Txik-txak batek min egiten du eta Lekerika zein Goiko ukituta utzi zituen.

Ibarluzearen bila segitzen zuten zumaiarrak eta gernikarrak, eta aurkitu zizkioten hausturak, baina amaierarako, eurenak handiago bilakatu zituen Aritz Erkiagak, tanto askotan bera bakarrik moldatuta. Bi paretak, ezker horman ezkutatutakoak, errebote ingurura botatakoak, txokora, bien tartera... Katalogo guztia erakutsi zuen Gernika Jai Alai pilotalekuan, goraino beteta, festa giroan. Hala, lehen jokoan, atzetik aurrera eginda, arrosak nagusitu ziren (11-15).

Ikusleak gozatzen ari ziren, ez zegoen zalantzarik. “Pantera arrosa” marrazki bizidunen irudiak pankarta eta elastikoetan, honen musika bozgorailuetan, «Unai, Unai, Unai Lekerika» oihuak, “Lauzi”-ren lagunen sufrimendua eta poza, Goikoren distiraren zain, unean-unean, gozatzen ari zirenak... Ikuskizun betea izan zen baina, egiari zor, emozioa falta zitzaion.

«HELBURUA BETETA»

«Ikuslearentzat agian ez da izan partidarik onena, emozio aldetik behintzat ez du gehiegi eduki. Guk gure helburua bete behar genuen eta horixe egin dugu», aitortu zuen Ibarluzeak, txapela buruan, «ametsik onenean ere» sekula horrelakorik bizi izan ez duela.

Bigarren setak ez zuen misteriorik izan. Edo bai. Misterio handiena izan zen nola desagertu ziren dematik Goiko eta Lekerika, desesperatuta, Erkiaga jokotik nola uxatu ezin jakinda. Nahi eta ezin konstante bat, gernikarraren amorrurako. Iaz, txapela lortzetik urrats batera egon zen; aurten finala errepikatu du, baina irabaztetik oso urrun geratu da. “Lekecrew” osatzen dutenei barkamen keinua egin zien.

Goikoetxeak ere ez zuen bere abilezia erakutsi, uzkurtuta egon zen, erremate zitaletara iristea kostatzen zitzaiola. Horrez gain, hutsegiteak ere pilatu zitzaizkion -2-6koa agerikoa izan zen-. 3-11koarekin, hiru tanto jarraian egin zituzten marroiek, baina Erkiagak ez zuen sustorik nahi eta errotik uxatu zituen emoziorako aukera txikienak (6-15).

«Motxila handi bat» kantxan utzita, «kristoren deskantsua hartuta» erretiratu da Iñaki Osa Goikoetxea, «penarik batere gabe». «Nahiz eta partidan korrontearen kontra ibili, disfrutatzea lortu dut», adierazi zion GARAri, txapeldunak zorionduz. Zesta-puntari lotuta, beste bide bat urratzen ikusiko dugu belaunaldi batentzat jokalari historikoa izan den zumaiarra.