Asier AIESTARAN
PILOTA

Elordi-Rezustak ikaragarri sufrituta lortu dute play-offetarako txartela

Markagailuan 10-1 aurreratu ziren, baina sailkatzeko behar zituzten 20 tantoak egitea asko kostatu zitzaien. Lasok eta Arangurenek gertu izan zuten partida iraultzeko aukera, baina azken txanpan akats larri batzuk egin zituzten.

Elordik hasiera ona eman zion partidari, eta gero defentsan aritzea tokatu zitzaion.
Elordik hasiera ona eman zion partidari, eta gero defentsan aritzea tokatu zitzaion. (A. CANELLADA | FOKU)

Aitor Elordik eta Beñat Rezustak bizirik jarraitzen dute Binakako Txapelketan, atzo Donostiako Atano pilotalekuan Unai Laso eta Aitor Arangurenen kontra sailkatzeko behar zituzten 20 tantoak eskuratu ostean. Partida ere irabazi zuten, baina zaila da hitzez adieraztea txartel hori eskuratzeko sufritu behar izan zutena.

Gauzak ezin hobeto jarri zitzaizkien Aspekoei partida hasieran, markagailuan 10-1 aurreratu baitziren. Lehen tantoa urdinen aldekoa izan arren, Rezustaren huts bat tarteko, gorriek azkar ireki zuten tartea 10 tanto segidan eginez. Bere pilota arinagoarekin agindu egin zuen atzean bergararrak eta Elordik ongi baliatu zituen bere aukerak tantoa egiteko.

Mallabiko aurrelariak sakearekin ere dezente asmatu zuen, Lasok ez gehiegi errematean, eta horri guztiari Arangurenen huts batzuk gehituta, partziala oso nabarmena izan zen gorrien alde.

Baina Unai Lasok pilota bat txokoan goxo utzita lortu zuen 10-2koa, eta pilota aldatzearekin batera partidaren nondik norakoa ere erabat aldatu zen. Urdinek pilota zeken bat atera zuten kantxara, mugitzea asko kostatzen den horietakoa, eta hortxe hasi ziren gorrien amesgaiztoak.

UNAI LASOREN ERAKUSTALDIA...

Pilota baxu horrekin Beñat Rezustak ez zuen lortzen Lasori airea kentzea, eta Bizkarretakoaren erakustaldia hasi zen. Bere txispa eta amorru guztia aterata, asko arriskatu zuen aurrelari nafarrak, baita neurketa bere aldera ekartzen asmatu ere.

Egia da 17-18kora arte urdinek ez zutela markagailuan aurrea hartzea lortu, baina atzo garaipen hutsak ez zuen balio jokoan zegoen saria lortzeko: Lasok eta Arangurenek 22-19 edo alde handiagoarekin irabazi beharra zeukaten lehiaketan bizirik jarraitzeko. Eta horrek sekulako emozioa eman zion norgehiagokari.

Partida ikaragarri gogortu zen eta, markagailuko emozioaz gain, tanto ikusgarriak jokatu zituzten lau protagonistek. Elordik 11-8an (gantxoz) eta 12-8an (zabalean) egindakoak, Arangurenek atzean amaitu zuen 13-12koa, Lasok 14-13, 17-18 eta 18-19koan egindako horma-bikoak... Donostiako pilotalekura gerturatu ziren mila pertsona horiek eskuko minez amaitu zuten horrenbeste txalo jota.

...ETA BI HUTS ERABAKIGARRI

Eta tarte horretan protagonista nagusia Unai Laso izan bazen, tantorik ederrenak bereak izan zirelako, azken txanpan ere bera izan zen dema erabaki zuena, kasu honetan bi huts handi egin zituelako. Lehenik, 17-18koarekin, atsedenalditik bueltan, sakea motzegi atera eta falta egin zuen. Eta gero, 18-19koarekin, sake-errematean huts nabarmena eginda, aurkariei behar zuten arnasa eman zien.

Arriskatu zuen guztia arriskatuta, eta egin zituen erremate guztiak eginda, ezin zaio ezer aurpegiratu Bizkarretakoari, baina hortxe joan ziren Binakakoan aurrera egiteko urdinen aukera apurrak. Behin 20. tantoa eginda, gorriak lasaitu egin ziren, urdinek amore eman zuten, eta lehen faseko azken garaipena Elordi eta Rezustarentzat izan zen.

«Hasiera oso ona egin dugu, abantaila polita hartu dugu, baina gero partida aldatu egin da. Pilota baxuagoak ziren beraienak, laurok aurrean sartuta geunden, eta hor Lasok min handia egin digu. Bagenekien sufritzea tokatzen zitzaigula eta horixe egin dugu. Lanean segi, borrokatzen segi, eta azkenean sufrituta izan bada ere lortu dugu gure helburua», aztertu zuen Beñat Rezustak partida amaieran.

Beste aldean, Unai Laso haserre zegoen egin zuten hasiera kaxkarrarengatik. «Ikusteko partida ona izan da, baina guri ez zaigu zoriondu behar. Ezin da horrelako hasiera bat egin, are gutxiago gaur bezalako partida garrantzitsu batean. Zaila da zer gertatu den jakitea; ustez ongi berotu dugu, baina ez dugu behar bezala jokatu hasiera horretan. Gero hobeto ibili gara, baina hasierako aldea handiegia zen».