GARA
GASTEIZ

1.777 gaztek jo dute Emantzipara bi egunetan; hirutik bi neskak dira

Pozik dira Lakuako ordezkariak Emantzipa Programaren laguntzek izan duten harrerarekin. Izan ere, bi egunetan 1.777 gazteek eskatu dituzte hileroko 300 euro horiek, gehienez bi urtez jasoko lituzketenak. Jonan Fernandezek eta Miren Saratxagak agerraldia egin zuten atzo.

Miren Saratxaga eta Jonan Fernandez, atzo, Gasteizen egindako aurkezpenean.
Miren Saratxaga eta Jonan Fernandez, atzo, Gasteizen egindako aurkezpenean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Legealdi bukaera honetan aurrerapausoa eman du Lakuako Gobernuak Euskal Herrian larria den arazo baten aurrean: gazteek emantzipatzeko duten zailtasuna. Joan den asteartean, epea ireki zen 25 eta 29 urte bitarteko gazteek Emantzipa Programaren laguntza berria eskatzeko.

Laguntza hori hilean 300 euro ordaintzean datza, gehienez ere 24 hilabetez, betiere etxebizitza libre baten alokairu, hipoteka edo mailegu gastua egiaztatzen baldin bada. Eta hasierako bi egunetan ukan duten arrakasta nabaria izan da.

Gasteizko Seminarioan jarri dute Emantzipa Programa kudeatzeko bulegoa, eta bertan eman zituzten lehen datuak ezagutzera atzo Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak eta Miren Saratxaga Gazteriako zuzendariak. Aurreneko 48 ordu horietan 1.777 pertsonak eskatu dute dirulaguntza. Eskatzaileen %52 Bizkaikoak dira, %33 Gipuzkoakoak eta %15 Arabakoak.

BALORAZIO OSO POSITIBOA

«Aurkeztutako eskabide guztietatik ondorioztatzen da eskatzaileen %68,6 alokairuan biziko direla, eta gainerako %31,4 erositako etxebizitza batean», zehaztu zuten.

Nabarmendu zutenez, «eskabideen %63 emakumeek egin dituzte, eta %37 gizonek. Datu hori koherentea da azken hamarkadan emakumeen emantzipazio tasan dagoen hamar puntuko aldearekin», ondorioztatu zuten.

Lakuako Gobernuko ordezkariek balorazio oso positiboa egin zuten. Fernandezen aburuz, eskaeren erritmo horrek «berretsi egiten du egin genituen estimazioak ondo bideratuta daudela, eta lehenengo urtean eskaeren kopurua 15.000ra iritsi ahal izango dela edo horiek baino gehiago izan daitezkeela. Erantzun on horrek berresten du, halaber, Emantzipa laguntzaren kontzeptuak gazteek emantzipazio prozesuan duten benetako premiari erantzuten diola».

ESKAERA EGITEKO PROZEDURA

www.euskadi.eus/emantzipa loturaren bidez egitea da eskabidea aurkezteko modurik errazena, inprimakia bete eta beharrezko dokumentazioa erantsiz. Horretarako, beharrezkoa izango da BakQ bidez identifikatzea eta, ziurtagiri elektroniko hori izan ezean, online eskatu ahalko da, bideo identifikazioarekin.

Eskabidea aurrez aurre ere aurkeztu daiteke, online formularioa bete ondoren, inprimatu eta Zuzenean-en bulegoren batera eraman daiteke. Horretarako, aldez aurretik hitzordua eskatzea gomendatzen dute.