Jon ORMAZABAL
PILOTA

Puntual eta sasoiko heldu dira zitara

Altuna eta Martija laugarren aldiz elkarrekin aritu dira Binakako txapelketan eta laugarrengoz sailkatu dira finalerdietara, play-offeko lehen aukeran Urrutikoetxea eta Imazi nagusitasunez gailenduta. Artola eta Imazek azken bala bat izango dute igandean.

Altuna eta Martija, elkar zoriontzen, Binakako finalerdietarako txartela lortuta.
Altuna eta Martija, elkar zoriontzen, Binakako finalerdietarako txartela lortuta. (Jon URBE | FOKU)

 

Altunaren bi geldialdiek -lehena esperotakoa eta bigarrena hobekien zeudenean- bidea dezente nahasi badie ere, Altuna eta Martija puntual eta batez ere sasoiko heldu dira Binakakoaren finalerdiekin zuten zitara, play-offak eskainitako lehen aukeran Urrutikoetxea-Imazi nagusitasunez gailenduta. Lau aldiz aritu dira amezketarra eta Etxeberrikoa elkarrekin txapelketa honetan eta lautan gainditu dute lehen langa, lehen bietan (2018 eta 2019) finalerdietan geratzeko eta azkenekoan (2022) txapela janzteko.

Ia bost hilabete irauten duen txapelketa batean funtsezkoa da erabakietan asmatzea, denborak neurtzea eta, nola ez, zortea ere lagun izatea. Alde horretatik, orain arteko bidea korapilatsua bezain emankorra suertatu da 2022ko txapeldunentzat. Izan ere, sei partida jokatzeari uko egin behar izan badio ere, Jokin Altuna fresko eta pilota gosez helduko da partida erabakigarrietara; Julen Martijak ere nabarmen gora egin du azarotik, eta Aspek ere lehen mailako ordezko bat duela frogatu du Javi Zabalarekin. Logroñokoaren ekarpena funtsezkoa izan da Altunak ezkerreko eskua osatu eta play-offera bi balekin heltzeko, eta aurrelari amezketarrak gutxitan gastatzen ditu tiroak alferrik.

Txanpon beraren beste aldean dira oraintxe Artola-Imaz. Baikokoek txapelketa bikaina jokatu dute, baina zorteak edo patuak unerik desegokienean iskin egin dio alegiarrari, eta gaur Zornotzan jokatuko den partidako irabazleen aurka -Elordi-Rezusta / Peña-Albisu- jokatu beharko dute azken bala hori, alegiarrak fisikoki auskalo zenbaterainoko zigorrarekin, eta oiartzuarrak ere atzoko partidan normalean baino askoz nekatuago amaituta.

OSO EROSO

Ezer gutxi egotzi dakioke, jartzen duten lekuan jartzen dutela, txukun aritzen den Mikel Urrutikoetxeari, baina argi dago Artolarekin partida beste bat izan zitekeela. Zaratamokoak dagoeneko galdua duen partidaren erritmoa ezartzeko gaitasunaren jabe da alegiarra, eta hori gabe eroso aritu ziren Altuna-Martija, bikote bezala asko batuz.

Atzean Julen Martija erabat nagusitu zitzaion ohiko lehiakortasunik erakutsi ez zuen Imazi -Artolaren gabeziak psikologikoki min egin ziola eman zuen-, eta tantoak amaitzean ere apenas igarri zitzaion Altunari kantxetatik at hiru aste eman izana. Gainera, ohi bezala, zuhur jokatu zuen, lagunari kantxan gozatzen uzten eta, ahal zuenean, Imaz zigortzen laguntzen.

Kontuak horrela, partidak hiru zati nagusi izan zituen. Lehenengoan Aspeko bikotea oso nagusi izan zen eta 2-10 aurreratzea lortu zuten, partida euren aldea ekarria zutela iradokitzeraino. Hobekien zeudela zirudienean, ordea, beste munduko ezer egin gabe, Baikokoak asko hurbildu zitzaizkien (11-9). Baina Zabalaren laguntzarekin Altunaren ezker zainaren hausturari aurre egin zioten bezala, 2022ko txapeldunek bikain erantzun zioten estualdi horri eta partidaren bigarren erdian gainetik pasatu zitzaizkien.