GARA
DONOSTIA

Marisol Garmendia izango da Madrilgo ordezkaria EAEn

Marisol Garmendia Donostiako Udaleko bigarren alkateorde ohiak ordezkatuko du Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren burua, Itxasok kargua utzi ondoren, PSEren Gipuzkoako zerrendaburua izateko.

Itxasok berak baieztatu zuen atzo Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, zenbait hedabidetan filtrazioak egon eta gero.

«Nire ustez, errelebo ona izango da. Lehen aldiz dugu emakumea izango den ordezkari bat, jarrera eta begirada izango dituena. Eta euskalduna ere bada. Oso pozik nago hori izango delako erreleboa», zehaztu zuen.

Gobernu espainolaren ordezkariak EAEn uste du bi aste barru egingo dela erreleboa. Zehaztu dutenez, martxoaren 12an egingo da Ministroen Kontseilua eta «egun horretan izan daitezke kargugabetzea [berea] eta ordezkari berriaren izendapena».

IBILBIDEA

Marisol Garmendia Zaldibian jaio zen 1963an. Nafarroako Unibertsitatean Informazio Zientzietan lizentziatua da, eta "Deia" eta "Zabalik" egunkarietan kazetari aritu zen zenbait urtez.

Politikagintza instituzionalean 2007an sartu zen, Donostiako PSEko zinegotzi gisa. Bere ibilbide ia osoa Gipuzkoako hiriburuko Udalean egin du orain arte; eta Lurralde Plangintza, Mugikortasuna edo Sustapen Ekonomikoa bezalako arloen ardura izan du. Aipatutako lehen arloaz arduratu zen Gipuzkoako Foru Aldundian, eta diputatua ere izan zen 2015 eta 2019 artean.

Bere curriculumean Donostia 2016an Europako Kultur Hiriburutzaren zuzendaritza ere agertzen da.