GARA
IRUÑEA
KOLDO GARCIAREN KASUA

Abalosek esan du Santos Cerdanek gomendatu ziola Koldo Garcia

Talde Mistora igaro eta biharamunean, Jose Luis Abalos Gobernu espainoleko ministro ohiak esan zuen ez duela gobernagarritasun arazorik sortuko eta PSOEren boto ildoei jarraituko diela. Koldo Garciari buruz, berriz, Santos Cerdan seinalatu zuen: «Nafarroako lankideek gomendatu zuten», eta horien artean zegoen PSOEko egungo Antolakuntza idazkaria.

Abalos eta Cerdan artxiboko irudi batean.
Abalos eta Cerdan artxiboko irudi batean. (Marta FERNÁNDEZ | EUROPA PRESS)

Koldo Garciaren inguruan galdetuta, Jose Luis Abalos ministro ohiak atzo azpimarratu zuen bere aholkulari ohia «Nafarroako lankideek» gomendatu zutela; besteak beste, Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariak.

Rac1 eta Catalunya Radioko bi elkarrizketatan eman zuen datu hori ez zuen ukatu Cerdanek, eta koherentea dirudi Koldo Garciaren ibilbidearekin, Barakaldon jaio bazen ere PSOEn Nafarroatik abiatuta egin baitu bere ibilbidea, bai aizkolari gisa bai Uharteko zinegotzi gisa. Goi-kargudunen konfiantza bereganatuz joan zen, nahiz eta Iruñeko Sol tabernan adingabe abertzale bati eraso egin eta horregatik zigortu zuten.

Ustezko sareari buruz, Abalosek gogorarazi zuen Kontu Auzitegiak bi aldiz fiskalizatu zituela larrialdiko laguntza guztiak pandemiaren ondorioz: «Ez dago arazorik. Nolanahi ere, arazoa Auzitegi Nazionala ikertzen ari dena da», adierazi zuen kontratazioari dagokionez.

PSOEREN JARRAIBIDEAK

Bestalde, Abalosek esan zuen Amnistia Legearen alde bozkatuko duela Kongresuan bozkatzen dutenean, nahiz eta ez dagoen ados PSOEren erabakiarekin, hots, Koldo Garciaren kasua lehertu eta 24 orduan berari diputatu aktari uko egin ziezaiola eskatzearekin: «Ez naiz militante huts bat».

Asteartean eserlekuari eutsiko diola iragarri eta gero, Kongresuko Talde Mistora pasatzeko erabakia «duintasunagatik» eta konpromiso politikoagatik hartu duela azpimarratu zuen Abalosek.

Hortik aurrera, «ez dut Kongresuan gehiengo-arazo bat izan nahi Gobernuarentzat; nik Talde Sozialistaren boto-orientabideei jarraituko diet», adierazi zuen alderdiko antolakuntza idazkari eta Pedro Sanchezen susperraldian giltzarri izan zenak.

Ildo horretan, Gobernu espainoleko presidentearekin hitz egin duen galdetu ziotenean, esan zuen komunikazio eraginkorra duela baina ez dutela Sanchezekin hitz egin «krisi hau hasi zenetik».

FEIJOOK SANCHEZ AKUSATU DU

Abalos eta Garciaren kasua Kongresu espainoleko Osoko Bilkuran aztertu zuten atzo, eta Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak Sanchezi leporatu zion duela hiru urte baino gehiagotik ezagutzen zuela gertatutakoa eta «estali» egin zuela.

Izan ere, nabarmendu zuen Gobernuko presidenteak «kargugabetu» egin zuela Abalos 2021eko uztailean, «Ministerioan zer gertatzen ari zen esan ziotenean», baina «aldi berean aforatu egin zuela bere alderdian gertatzen ari zenagatik».

Feijook kritikatu egin zuen Sanchezek eta PSOEk sinetsarazi nahi izatea Koldo Garcia «ez zela inor ez PSOEn ez Gobernuan», «beti bere kabuz» jardun zuela nabarmenduz. «Utzi espainiarren adimena egunero eta ordu guztietan iraintzeari», esan zuen.

Bere txandan, Gobernu espainoleko presidenteak ustelkeriaren aurka «gupidagabea» izan dela azpimarratu zuen, eta Feijoo, aldiz, PPren Presidentetzara «estaltzera» eta «toleratzera» iritsi zela; gogorarazi zuen Pablo Casado «Ayuso andreak Madrilgo Erkidegoan egindako ustelkeria sare bat salatzeagatik erori» zela.

Ildo horretan, Sanchezek azpimarratu zuen lotsa ematen diola PPk «ustelkeriatik probetxua atera dezakeela pentsatzeak», eta bere Exekutiboa «ustelkeria estaltzen ez duen gobernua» dela. «Ustelkeriaren aurka aurrez aurre borrokatzen den gobernua da, eta ez du zu bezalako diskurtso hutsalekin egiten, ekintzekin baizik», esan zuen, auzia argitzeko sortuko den ikerketa-batzordea aipatuz.