Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Etenaldia atzean utzita, Euroligako zurrunbiloan murgilduko da Baskonia

Ia hiru astez geldirik egon eta gero, «inkognita hutsa» da gasteiztarrek zer-nolako maila erakutsiko duten gaur arratsaldean Fenerbahçeren kantxan. Ivanovicek Sedekerskis berreskuratu du bederen, baina Khalifa Diopek ezingo omen du gehiago jokatu.

Tadas Sedekerskis kapitaina jokatzeko dago berriro, giharretako arazoak atzean laga ostean.
Tadas Sedekerskis kapitaina jokatzeko dago berriro, giharretako arazoak atzean laga ostean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Hemeretzi egun eman ditu Saski Baskoniak partidarik jokatu gabe. Hilaren 11an, ACB Ligako norgehiagokan, Joventuten aurka 78-81 galdu zuen orduko hartan talde gasteiztarrak eta ostiral hau iritsi bitartean, Kopa telebistaz ikusteaz gain, «FIBA Leihoetan» bost jokalari joan dira Gasteiztik: Marinkovic Serbiarekin, Raieste eta Kotsar Estoniarekin, Miller-McIntyre Bulgariarekin eta Rogkavopoulos Greziarekin. Denak osorik itzuli dira eta ez da gutxi. Bostak prest egongo dira gaur 18.45ean, Fenerbahçeren aurka Euroligako hogeita zazpigarren jardunaldiari ekiteko.

Baita Tadas Sedekerskis ere, giharretako arazoak halakoren baten atzean laga eta gero. «Asteartean taldearekin entrenatu zuen, eta baita atzo -asteazkenean- ere. Ez da puntuan egongo, baina, tira, behintzat jokatzeko moduan izango da eta taldeari lagunduko dio», adierazi zuen Dusko Ivanovicek partida bezperako prentsaurrekoan.

Montenegrokoak, alabaina, albiste txarra eman zuen Khalifa Diopen inguruan. Eskumuturra operatu behar izan zuen Senegalgo pibotak. Ivanovicen hitzetan, «bost bat hilabete beharko ditu osatzeko. Beraz, harentzat amaitu da denboraldia».

Horrenbestez, Maik Kotsar eta Matt Costellok beteko dute pibot postua, Sedekerskis eta Monekeren laguntzarekin. Nahikoa eta gehiago Dusko Ivanovicentzat, batez ere denboraldia bere zatirik erabakigarrienean sartzear delarik. «Bost jokalari falta izanda, ahal duguna egin dugu entrenamenduetan. Baina partidak jokatzen hasi arte, inkognita hutsa da dena. Ikusi egin behar, modu automatikoan egiten genituen mugimendu horiek galdu ditugun edo ez», onartu zuen Ivanovicek geldialdi honen harira.

Nolanahi dela, jakinkizun izan zein ez, Bijelo Poljeko entrenatzaileak argi dauka hemendik aurrerako neurketek berebiziko garrantzia hartuko dutela. «Hanka sartzeko tartea gero eta estuagoa da hemendik aurrera, mundu guztiak aurrean egon nahi baitu», azaldu zuen.

Hobetze aldera, bi xehetasun lehenetsi zituen Ivanovicek: «Arlo guztietan hobetu behar dugu, noski, baina defentsa da indartu behar dugun guneetako bat, eta bestea, berriz, partiden hasiera. Behar baino abantaila handiagoa ematen diegu aurkariei aurreneko minutuetan eta hor sendo egon behar dugu».

BERDINTASUNEAN ESTU

Euroligan zortzigarren postuan dago Saski Baskonia, 14-12 balantzearekin. Hain zuzen, sailkapenean bere aurretik dagoen Fenerbahçeren kantxan jokatu behar dute arabarrek. Saras Jasikevicius lituaniarrak gidatzen duen taldeak Baskoniak baino garaipen bat gehiago du, baina argi izan behar da puntu aldea gasteiztarren alde egongo litzatekeela, deskuiduan Ivanovicenek Istanbulen irabaziko balute. Ez da ahaztu behar joan den abenduaren 6an Markus Howarden azken orduko hiruko bati esker 80-79 nagusitu zirela gasteiztarrak.

Bestela ere sailkapen nagusian gauzak hain estu daudela aintzat hartuta -jardunaldiaren hasieran, Baskoniaren atzetik dauden Valentziak eta Maccabik 13na garaipen dituzte, 12 Partizanek eta 11na berdinduta daude Armani Milano, Zalgiris, Anadolu Efes eta Bayern ere-, gorantz begiratu nahiko lukete gasteiztarrek, seigarren postuan den Olympiacosen lekua hartu eta final-laurdenak jokatzeko eskubidea zuzenean irabazi, aurretiaz jokatu beharreko kanporaketarik gabe. Ez da ahaztu behar, gainera, Saski Baskoniak puntu aldea irabazita duela talde greziarrarekiko. Baina Ivanovicen beraren hitzei jaramon eginez, kale egiteko tartea hain da estua, besteen balizko hutsegiteei begira jartzea norberak hanka sartu eta Euroligaren lasterketa ero honetan estropezu egin eta lurrera muturrez aurrera erortzeko arrisku handia baitago.

Egia da, halaber, Fenerbahçek ere hainbat egun daramatzala talde osoarekin entrenatu ezinik. Hasteko, Dyshawn Pierre, Yigit Hamza Mestoglu eta Metecan Birsen min hartuta daude. Horrez gain, Biberovic, Sanli, Mahmotoglou eta Hazer Turkiako selekzioarekin ibili dira orain arte; Yam Madar Israelekin eta Papagiannis, berriz, Greziarekin.

Ezin, beraz, antzeman zer-nolako partida izango den Ulker Sports and Event Hall pabiloian. «Jasikeviciusen taldeek gauza bat dute ona: jokalari guztiek badakitela zein den beren rola», nabarmendu zuen zentzu horretan Ivanovicek. Wilbekin, Madar edo Nigel-Hayes bezalako jokalariak oso gertutik zaindu beharko ditu Baskoniak, emaitza on edo txar batek azken sailkapenera begira garrantzi eskerga izan dezakeelako.