GARA
BILBO

Gorrotxategirentzat «ulergaitza» da Sumarrekin akordiora heldu ez izana; Podemosek «dena» jarri duela adierazi du

Podemosen lehendakarigai Miren Gorrotxategi.
Podemosen lehendakarigai Miren Gorrotxategi. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ia hauteskundeen deialdira arte luzatu diren negoziazioen ostean, Sumar Mugimendua eta Podemos bi bloketan banatuta aurkeztuko dira Gasteizko Parlamenturako bozetara, azken orduko ezustekorik ez bada behintzat. Alde batetik, Sumar, Ezker Anitza-IU eta Equo; eta bestetik, Podemos eta Aliantza Berdea. Herritarrek akordiorik lortu ez izana ulertuko ote duten galdetuta, «ulergaitza» dela baieztatu zuen atzo Podemoseko lehendakarigai Miren Gorrotxategik. «Gure aldetik dena jarri dugu elkarrekin joan ahal izateko, baina ez dugu lortu», argudiatu zuen NAIZ Irratian egindako elkarrizketan.

Bezperan, hau ere NAIZ Irratian egindako elkarrizketan, Sumarreko diputatu Lander Martinezek akordiora heldu ez izanaren arrazoietako bat Podemosek akordioak betearazteko dituen «ezintasun juridiko eta politikoak» direla esan zuen. «Aitzakia itxura dauka, eta itxura baldin badauka ziur asko horrela delako da», ondorioztatu zuen Podemoseko ordezkariak atzo.

Apirilaren 5ean hasiko da hauteskunde kanpaina, eta Podemoseko kideak «lasterketari ekiteko prest» dagoela esan zuen: «Esperientzia handia dugu. Azken urteetan hainbat elkarterekin harremanak izan ditugu. Programa bukatuta daukagu dagoeneko eta indar guztiarekin lan egingo dugu. Gure antolakundea ondo errotuta dago eta sendoa da. Horrek aukera ematen digu hauteskunde kanpainari modu indartsu batean aurre egiteko».

ERABAKIGARRIA IZAN NAHI

Amaitu berri den legealdian Elkarrekin Podemosek egindako lana defendatu zuen eta, inkestek iragartzen dituzten emaitzak gorabehera, ezkerreko exekutibo baten sorreran erabakigarria izan nahi dutela azaldu zuen. «Gure apustua beti izango da ezkerreko gobernu bat erraztea», nabarmendu zuen Gorrotxategik. Gobernu formula horretan EAJren parte hartzea baztertu zuen, baina onartu zuen PSEren jokabidea hauteskundeen osteko gehiengoen araberakoa izango dela.