XOLE ARAMENDI
GETARIA

Areto biografikoa, dokumentazio zentroa eta biltegi berriak ditu Balenciaga Museoak

Hilabetez itxita egon ondoren, ateak zabaldu ditu Balenciaga Museo eraldatuak. Jostunaren biografia ardatz duen aretoa du orain museoak, baita dokumentazio zentroa eta biltegi berriak ere. Bildumaren bisitan koherentzia bilatzen duen ibilbide berria diseinatu dute.

Atzo Cristobal Balenciaga Museora eginiko bisitaren irudia.
Atzo Cristobal Balenciaga Museora eginiko bisitaren irudia. (BALENCIAGA MUSEOA)

«2023an proba pilotu bat egin ondoren, jendeak museoa bisitatzeko duen modua berriz diseinatu da, ibilbideak sinplifikatu eta bisitarientzat intuitiboagoak, arinagoak, irisgarriagoak eta egokiagoak bihurtze aldera. Aldi berean, argiago geratu da zer lotura dagoen eduki iraunkorren eta aldi baterakoen artean, eta gure bildumarekin zuzenean lotutako edukien eta beste eduki osagarri batzuen artean; hala, errazago ulertzen da eremuaren antolaketa orokorra», argitu zuen Miren Vives, museoaren zuzendariak.

Cristobal Balenciagaren biografiari lotutako aretoak egiten dio ongietorria bisitariari. Bertan daude jostunaren objektu pertsonalak -elastiko urdin bat, lan-tresnak, familiako argazkiak, soinekoen zirriborroak…-, berari buruz argitaratutako lehen aldizkaria (“La Esfera”), enpresari lotutakoak -bezeroen fakturak-, Donostiako eta Pariseko saloiak.

Lau aretoetan barna modaren historian mugarri izan diren zenbait une nabarmendu dituzte. Emakumearen siluetan eragin zituen aldaketak. ‘Upel’ lerroa, ‘Zaku’ deitutakoa… «Emakumearen gorputza ez zuen markatzen, abstrakzioa zen», esan zuen Igor Uriak, museoko bilduma zuzendariak hedabideoi eskainitako bisitan.

Zer da Balenciaga? Nola jakin soineko jakin bat Balenciagak egina dela? Galdera hauek erantzuten saiatu da ibilbide berria. Denera 90 lan esanguratsutan oinarrituta, kanpotik zein barrutik getariar jostunaren sorkuntzek dituzten ezaugarrien berri ematen du erakusketak. «Gorputzaren lengoaia kontuan du, emakumearen jarrera», azaldu zuen Uriak. Globo formako diseinuak sortu zituen, esaterako. «Hiru ardatz ditu ‘Balenciaga’ batek: kanpoko silueta, gorputza, eta bien artean dagoen airea», zehaztu du.

Beste jostunek ez bezala, ez zuen nahi emakumea arroparen barruan lotuta senti zedin. Erosotasuna eta dotorezia eman nahi zizkien emakumeei. Horretarako, gerria, maukak eta bizkarra nola landu zituen ikus daiteke. «Gerria estutu eta maukak handitzen zituen», aipatu zuen. Gaueko soinekoez gain, egunerokotasunean bere bezeroek janzten zituzten trajeak ere ikus daitezke. Eta bisita osatuz, soinekoen ‘aldamioak’ ere ikusten dira, barrutik nola eginda dauden.

Jostunari dion miresmena agertu zuen berriz ere Uriak: «Soineko batzuk batere josturarik gabekoak dira, oihal bakarrarekin eginak. Miresgarria da», esan zuen.

Martxoaren 22tik aurrera, seigarren aretoa zabalduko dute, “Chillida/Balenciaga. Tolesen forma” aldi baterako erakusketarekin. Bi sortzaileen berrogei obratik gora bilduko ditu. Horrez gain, Museoak Balenciagari eta haren lanari buruzko ikerketa sustatzea helburu izanik, jostunari buruzko Nazioarteko Biltzarraren bigarren edizioa antolatu du, eta 2025eko urriaren 1etik 3ra egingo da museoan.

Cristobal Balenciaga Fundazioak 2024rako onartutako gastuen aurrekontua 2.200.000 eurokoa da.