IRAITZ MATEO
DONOSTIA

«Sexberdinak» antzezlanak irabazi du XXIV. Donostia Antzerki Saria

Tanttaka teatroaren “Sexberdinak” antzezlanak 2024ko Donostia Antzerki Saria irabazi du. Landutako gaia, lantzeko modua eta erabilitako eszenografia nabarmendu ditu epaimahaiak. Ikusleek itzulitako maitasuna eskertu zuten atzo taldekideek, eta gaia oholtzara eramateagatik pozik agertu dira. Umorea eta drama uztartu dituzte antzezlanean, eta gurpil-aulkian dabiltzanek ere umore puntu hori eskertu zietela adierazi zuten.

Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia, antzezlanean.
Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia, antzezlanean. (DONOSTIA KULTURA)

Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta aktore protagonistak dituen “Sexberdinak” antzezlanak irabazi du XXIV. Donostia Antzerki Saria. Garun paralisia duen kazetaria eta kontraesanetan erdi itota dabilen goxoki saltzailea gorpuzten dituzte. Beren bizipen afektibo sexualak azaltzen dituzte oholtzan «inolako konplexurik gabe». Martxoaren 27an izango da sariketaren gala Victoria Eugenia antzokian.

Donostiako Kulturako Antzerkia eta Dantza ataleko zuzendari Norka Chiapussok azaldu zituen epaimahaiaren argudioak. «Modu oso egokian egiten da aniztasun funtzionalaren planteamendua. Aktoreen, zuzendariaren eta erabiltzen diren baliabide eszenografikoen bitartez emaitza bikaina lortu dela azpimarratu dute kide guztiek», adierazi zuen.

«Komedia eta drama uztartzeko gaitasun paregabea dutela erakutsi dute». Horrez gain, eszenografiaren berezitasuna ere aipatu zuen: «Ikusleak gurpil-aulkietan eserita daudela, erdian geratzen den espazioak osatzen duen eremu eszenikoa baliabide oso eraginkorra da publikoarengana emozionalki iristeko».

SARIEN POZA ETA INDARRA

Antzezlanaren zuzendari Mireia Gabilondo eta Kepa Errasti gidoilaria ere izan ziren sariaren aurkezpenean. «Lan maitagarria» izan da “Sexberdinak” Gabilondorentzat: «Arriagan lan bat egin genuen Telmok eta biok. Maitemindu egin ginen eta, zerbait gehiago egin nahi genuenez, Zumaian elkartu ginen. Sexuari buruz hitz egin nahi genuen». Errasti eta Iruretak idatzi zuten.

Garmendiak irri artean aitortu zuen bere kideei begira: «Kontatu moskitera baten azpian jarrita idatzi zenutela antzezlana, Telmori euliek traba egiten ziotelako. Nik estanpa marikita horren argazkia ikusi nuenean banekien hortik zerbait ona aterako zela». Iruretak testu serioagoa espero zuela kontatu zuen, baina segidan gehitu zuen: «Keparekin elkartu… eta txisteak ateratzen zitzaizkigun». Errastiren iritziz, «erraza» izan da idaztea, Iruretak lan asko «aurreratuta» zuelako: «Puzzle baten piezak hartu eta puzzle bat osatzea izan da lana». Pozik daude lortutako emaitzarekin.

PUBLIKOAN ERAGIN

Gabilondok azaldu zuen jasotako erantzuna «oso positiboa» izan dela, inoiz pentsatu ez dugun gai bat izanik eta ikusleak «estu samar» hartuagatik ere erantzun ona jaso dutela. Iruretak azaldu zuen gurpil-aulkian dabiltzan ikusleek «barre asko eta negar asko» egin dutela antzezlanarekin, «baina bizitza hori da: momentu batzuk oso alaiak eta gero bajon». Garmendiaren ustez, «egia handienarekin» hurbildutako publikoa da antzezlaneko pertsonaien egoeran daudenak, eta gaia umoretik hartu izana eskertu dietela ohar egin zuen.

Publikoa «estu hartzea» aipatzerakoan, antzezlanean zehar ikusleei galdera zuzenak egiten dizkietela esan nahi dute. Sexuaren inguruko galderak egiten dituzte. Eta Garmendiaren iritziz, herri txikietan bizi dituzte esperientzia politenak.