Talentuak euskaraz baleki
Askotan hitz egiten dugu hizkuntzak kudeatzeko enpresen motibazioez, haiekin baliatu beharreko argudioez eta jarraibideez. Enpresek, sistema baten parte izanik, helburua arrakastaz lortzeko erantzukizuna eta betebeharrak dituzte, langileriak, zerbitzuen eta produktuen kontsumitzaileek edo-eta administrazioak bezala.
Enpresa industrial gutxi batzuk ditugu, hizkuntzen kudeaketari dagokionez, aurreratuta daudenak. Hor daude, esate baterako, Euskaragileak enpresa-batzordea osatzen dutenak. Urteetako ibilbidea egin dute eta euskaraz lan egiten dute, kasu gehienetan bezeroen %1 baino gutxiago Euskal Herrikoa izanda ere. Hizkuntza politika adostu dute eta enpresa horietan baliatzen diren hizkuntzak kudeatzeko estrategia eta planifikazioa landu dituzte. Halaber, sektore guztietan erakunde anitz ditugu euren borondatez ibilbide esanguratsua urratzen ari direnak. Aurreratuenek euskaraz dute barne funtzionamendua; beste batzuek zerbitzuak euskaraz eskaintzen dizkiete bezeroei, eta gehienak horien parera iristeko lanean ari dira, urtez urte konpromiso berriak betetzen ari direla.
Enpresa horietako askotan aurrera egitea zailtzen duen mugara iristen ari gara. Atzera egiteko moduan daude euskararen presentzia eta erabilerari dagokienez, eta etsitzen hasiak dira, hizkuntzaren aldetik lortutako mailari eusteko edo-eta hobetzeko modurik ez dutela izango sumatzen ari direlako.
Zenbait sektoretan eta lanpostutan pertsonak falta dira eta, nahita ere, ez dago kontratazio berriak edo ordezkapenak egiteko modurik. Horri hizkuntzaren aldagaia erantsi behar diogu. Urtetan hizkuntzen kudeaketa egokia egin duten arren, eskaerari erantzuteko zailtasunak dituzte orain, bai eta lana zein zerbitzua euskaraz eskaintzeko ere, lanpostuak betetzeko pertsona egokirik ez baitago; hainbatetan, euskara ez dakiten pertsonak kontratatu behar izaten dituzte. Zenbait behar asetzeko talentu gazterik ez dago eta langile esperientziadunak erretiroa hartzen ari dira. Lan-merkatu lehiakor honetan, enpresek lehiatu behar izaten dute talenturik onenak erakartzeko. Hori bereziki zaila izan daiteke industria espezifikoetan edo zeregin espezializatuetan eta, askotan, aldea dago enplegatzaileek behar dituzten trebetasunen eta hautagaiek dituztenen artean. Globalizazioak eta enpresek nazioartean izan duten hedapenak talentuarekiko lehia areagotu dute. Aldaketa demografikoak ere zerikusia du honetan. Bestalde, garapen pertsonala eta lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka eskaintzen duten lanei lehentasuna ematen zaie, eta enpresa gehienak ez dira errealitate honetara behar bezala egokitzen ari... Faktoreen zerrenda askoz gehiago luza genezake, baina ondorioa argia da: langileak falta dira... Euskaraz lan egiteko gai diren langileak falta dira, baita gune soziolinguistiko euskaldunetan ere.
Enpresek bizirik irautea dute lehentasun, erantzukizunez jokatuz kasu gehienetan. Egoera honen aurrean, hizkuntzaren aldagaiari bigarren mailako zeregina eman ohi zaio. Hizkuntza politikaren, kudeaketaren eta estrategiaren ikuspegitik, zein da lan munduan egin behar den lanketa? Nola eutsiko diogu euskararen erabilerari aitzindari izan diren enpresa horietan? Inguruan lanpostu horiek beteko dituenik ez badago, urrunagotik etorriko dira. Ba al dago aurreikusita hutsune horiek betetzera etorriko diren langileak euskalduntzeko, euskaraz formatzeko eta enpresetan errotzeko estrategiaren bat? Horra sisteman parte hartzen duten eragileek (administrazioek, enpresek, sindikatuek eta euskalgintzak) berandu baino lehen heldu beharreko arlo estrategiko bat. Herri erronka baten aurrean gaude.