Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Holistikoan pentsatu!

Zein pozik nagoen aldiriko trenen eskumen berriarekin, hain pozik eze ia aste osoan egin dudan lo seko. Burujabetzarantz bide onetik goazen seinale edo! Trenbideak behintzat kudeatuko ditugu aurrerantzean, aldirikoak, trenak berak, makina zein bagoiak, kanpokoek kudeatzen segituko badute ere. Baina trenbidea geuk, e! Holistikoan pentsatu, demontre, ez izan beti kexaka abertzale hori! Zertan nengoen? A, bai, foam jaurtigaiez! Kolpea gero Lakuako Sailak zabaldu duen efektu berezien bertsio zer hori, Donostia International Physics Center delakoak tesi berri bati bidea emateko modukoa.

Antza, protokoloa eskuan ekin zioten agenteek kale lanari, hots, foam balak bota behar izatekotan 50 metro baino urrunagotik botatzeari, eta, hau agenteen ekarpena izaten da, behar ez izatekotan ere berdin, bota, badaezpada. Eta hara! Gazteren batek beirazko jaurtigaia, ‘botila’ kale hizkeran, botatzekotan zegoela urrunetik ikusi eta arma, tiro, pun! Orduantxe hasi zen foam haren bala-bidea, orain behera, orain ezkerrera, orain atzera, orain… begi batekin topo egin arte. Kolpea gero, kolpe latza! Arkautitik ikusita baina, Tolosaldean bada, izan ere, Basque Teameko jaurtiketa-talderako harrobia…

Harira Murgoitio, tira! Traktoreek hiriko erdigunea dute egunotan hartua. Bazen garaia! Ezin hiritarrak horretaz kexatu, eurak asteburu askotan joaten baitira landagunera, autoak edozein lekutan bazterren ondoan utzita, traktoreen bidean oztopo. Ia behingoz eusten diogun ganoraz, eta denbora perspektibaz, lehen sektorean denok behar dugun iraultzari, sektorea eraldaketa handiaren beharrean dugulako, orain holistikoan serio! Bertoko elikagaiak bertoko osasunaren parte izan daitezen. Eta haratago, inon ere goseak dagoena tirokatu ez dezaten janari bila doanean… urrunetik ere ez!