Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
PILOTA

Pronostikoak goitik behera irauli eta Artola-Imazek lehen puntua batu dute

Lehen faseko bikoterik erregularrena erreakziorik gabe geratu da gutxika-gutxika, urdinak partidan sartu ahala. 1-12ko partzialarekin, 9-15 aurreratu dira Artola eta Imaz eta finalerdietako lehen garaipena bideratuta utzi dute.

Artola izan zen tanto gehien eta pilotakada gehien jo zuen pilotaria.
Artola izan zen tanto gehien eta pilotakada gehien jo zuen pilotaria. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Partidaren hasieran onartu zuen Erik Jakak, aspaldian zebiltzala presiorik gabe jokatzen, finalerdietarako sailkapena ondo bideratu baitzuten lehendabiziko fasean. Hala, finalerdietako ligaxkako lehen partida garrantzitsu honetan nola erantzungo ote zuen zalantza zeukan. Pronostikoen arabera, bikote makalena Artola eta Imazek osaturikoa zen, batez ere azken unean, ozta-ozta, markagailua iraulita -eta nola, gainera- sailkatu zirelako finalerdietara; gainera, Alegiakoak gastroenteritisa pasatu berritan.

Iragarpenek eta apustuek arrazoi izango zutela zirudien hasieran, Labriteko markagailuak 6-1 adierazi baitzuen lehen txanpan, Erik Jaka bizi bati esker eta Mariezkurrena ausart bati esker. Berriozarkoak sekulako horma-bikoa egin zuen 3-0ekoan, bai eta sekulako zartakoa bota atzera, Imaz errebotean kateatzeraino, 6-1ekoan. Bina tanto eginda (8-3), ezustean, gorrien gainbehera hasi zen. Artola jokoan sartzen joan zen eta gorriek akatsak pilatu zituzten.

Urduritasuna areagotu zen Jaka eta Mariezkurrenarengan, presa, eta pilota gainetik ezin kenduta jardun ziren, aurrean Artola-Imaz, atzetik aurrera eginda, beren erosotasun gorena aurkitzen ari ziren bitartean. 1-12ko partziala ezarri zuten urdinek, pronostikoak goitik behera iraulita, bikote sendo baten zantzuekin.

GORRIEN KALAPITA

Kanpora, gora, txapapera... Mota guztietako akatsak egin zituzten gorriek, pilota motelarekin Artola eta Imaz oso gustura zeuden bitartean. Atzeko koadroak menderatu zituen oiartzuarrak eta Alegiakoa ere errezitala eskaintzen hasi zen. «Jokoan asko sartu behar naizen pilotaria naiz. Zaila da horrelako hitzordu handietan joko alaia egitea, baina argi daukat jokatzeko modua ez dagoela aldatzerik», esan zuen Artolak, pilotakada gehien jo zuen pilotariak.

9-15ekoarekin, bideratuta zuten garaipena urdinek. Gorriek tarteka tantoa berreskuratuta, pilota aldaketarekin bilatzen zuten erreakzioa baina segituan zapuzten zitzaien, beraien akatsen edo urdinen inspirazioaren ondotik.

«Gezurra esango nizuke finalean pentsatzen ez dugula esango banizu, baina itsutu gabe», esan zuen Artolak. Finalerako lehia betean sartu dira. Bi partida geratzen dira, baina «bikote gogorra osatzeko nahi horrekin» edozein ezusteko emateko gai dira.