Andoni ARABAOLAZA
PATAGONIA

«Riders on the storm» bideari puntu gorria jarri dio hirukote belgikar batek

Hirukote belgikarrak, Drew Smith argazkilari estatubatuarra lagun zuela, Paineko Dorre Nagusiaren ekialdeko horman dagoen bide horretan arrakasta izateko hemezortzi egun behar izan zituen.

“Riders on the storm” bideak duen “Rosendach” izeneko sabai ospetsuan eskalatzen.
“Riders on the storm” bideak duen “Rosendach” izeneko sabai ospetsuan eskalatzen. (Drew SMITH)

Hainbat hedabide espezializatuk historikotzat hartu dute hurrengo lerrootan jorratuko dugun jarduera. Historikoa ala ez, aitortu behar da bikaina izan dela. Eskaladaren munduan aski ezagunak diren Siebe Vanhee, Sean Villanueva eta Nico Favresse izan dira protagonistak. “Historia” egiteko aukeratu zuten bideak aura berezia du; hots, lasai asko aitor dezakegu legendarioa dela. “Riders on the storm”-i buruz ari gara. Txileko Patagonian dago; hain zuzen ere, Paineko Dorre Nagusiaren ekialdeko murruan oso zuzen marrazten dena.

Legendarioa diogu batez ere eskalatzaile historiko batzuek zabaldu zutelako: Kurt Albert, Wolfgang Gullich, Bernd Arnold, Nobert Batz eta Peter Dittrich alemanek. 1991. urtean, boskote ameslari horrek “Riders on the storm” bidea sortu zuen. Alemanok lan ikaragarri ona egin zuten; bazirudien garai haietarako aurreratuta zeudela. Baina eskalada libreko espezialista alemaniar horiek ezin izan zioten 1.200 metroko marrari puntu gorria jarri. Alegia, ezin izan zuten 41 luzeak era askean igo.

Jakina, hazi hori erabat ernatzeko goi mailako hainbat eskalatzaile gogor saiatu dira. Ibilbide hori hamaika urtez erabat ahantzita egon zen. Lehen ekinaldiak iritsi ziren, baina ez zuten helburu nagusia lortu. Adibidez, hamazazpigarren luzean dagoen penduluak ez zuen librean eskalatzeko inolako zirrikiturik. Duela zortzi urte, berriz, Mayan Smith-Gobatek eta Ines Papertek aldaera bat ireki zuten; era askean igotzeko aukerak eman zituena. Sokada hori zein hurrengoak etxera esku hutsik itzuli ziren.

Azkenean, Vanhee, Villanueva eta Favressek eskuratu dute sari preziatu hori. Belgikarrak gai izan dira luze guztiak librean eskalatzeko; tartean, Smith-Gobaten eta Paperten aldaera. Haien ustez, 7c+ maila du. Patagoniak dituen muturreko baldintzak ez dira oztopo izan lorpen hori erdiesteko. Bai, lan eskerga egin behar izan dute; denera, hemezortzi eguneko lanaldia. Hortaz, ez da paseo bat izan; besteak beste, hotz handia, hezetasuna, haizete gogorrak, artesi izoztuak eta luiziak izan dituzte. Astebete ere egin zuten hamaketatik irten gabe.

«Aupa, kideok. ‘Riders on the storm’ bideari puntu gorria jarri nahi diot. Minaren jaialdian parte hartzera animatzen al zarete?». Gonbidapen hori Siebe Vanheek egin zien bere kideei. Eta era horretan hasi zen historikotzat hartu den jarduera hori.

Urtarrilaren 15ean, hirukotea murruaren oinarrian zegoen. Belgikarrok Patagoniako eskalada bikain ezagutzen dutenez, bazekiten luze joango zitzaiela, eta horregatik hilabete baterako hornitu ziren. GARAri bidalitako oharrean diotenez, lehen bederatzi egunetan soilik egun eta erdi bat eskalatu zuten. 24tik aurrera, berriz, leiho on bat heldu zen: “Kapsula estiloan jardun genuen. Hurrengo egunetan marraren giltza (7c+) librean eskalatzeko gai izan ginen. Hogeita seigarren luzera heldu eta ‘Rosendach’ izeneko sabai famatuaren oinarrian geunden».

Smith-Gobaten eta Paperten aldaera patrikan zuten. Luze horri dagokionez, aipatu behar da bi artesi paralelo eta tente dituela. Amaieran, berriz, amildegi handia duen sabai bat. Nahiz eta metro horiek parabolt asko dituzten, protagonistok horiek erabili gabe eskalatu nahi zuten. Baina ohartu ziren oso ausarta eta eskalada askoz ere gogorragoa bihurtuko zela. “Riders on the storm” sortu zutenek ere bidean zehar paraboltak jarri zituzten, baina beste luze batzuk friendekin eta fisureroekin babestu behar dira. Hain zuzen ere, 7a+ zailtasuneko hiru luzek R maila dute.

PERTSEBERANTZIA

Nahiz eta gailurretik gertu ziren, lerrootako protagonistok bazekiten eskaladak luze joko zela. Argi zegoen ere alemanek ez ziotela bideari fundamenturik gabeko izena jarri. Ekaitza (storm) izan da ia eguneroko bisitaria: «Leiho onak bukatu eta sufritzea egokitu zitzaigun. Hurrengo aste osoan gogor borrokatu ginen hotzaren aurrean. Sona handia duen sabaiari ekin behar genion, eta onartu behar dugu kosta egin zitzaigula hura biribiltzea. Hotzaz gain, 140 kilometro orduko haizeteak izan genituen. Patagoniak ez du inoiz hutsik egiten”.

Eskaladaren hamalaugarren egunean sabaia gainditu eta soilik sei luze motz geratzen zitzaizkien tontorra zapaltzeko. Alabaina, beste bi egun egin zituzten hamaketatik irten gabe. Azkenean, otsailaren 9an, “Riders on the storm” era askean gainditu eta tontorrean eskalada osorik amaitu zuten.

Batzuek galdetu dute zergatik izan den hain zorrotza eta zaila bide hori librean eskalatzea. Batez ere, kontuan hartzen badugu ibilbide horrek duen maila (7c+) ez dela hain muturrekoa. Eta berriro gogoratu nahi dugu hori lortzeko 33 urte igaro direla. Erantzuna oso argia da: «Murru horrek oso baldintza desegokiak ditu eskalatzeko. Batez ere, era askean igotzeko harkaitzak lehor eta ez hain hotz egon behar du. Eta, jakina, leiho on bat behar duzu. Aldaera hori eskalatu genuenean, haizete gogorrek astindu gintuzten. Sokak kiribildu ziren, eta askatzeko ordubeteko lana behar izan genuen. Egoera frustragarria zen; izan ere, hirurok ala hirurok gai ginen luze horren maila gainditzeko. Baina egoera horretan bazirudien 8a+ eskalatzen ari ginela».

Bestalde, eskalatzaileok azpimarratu nahi izan dute pertseberantziak indar handia izan zuela. Muturreko baldintza horiei aurre egitea ez da erraza, baina onartu dute oso motibatuta jardun dutela: «Eskalatzen genuen egunetan askotan denbora asko igarotzen genuen artesiak garbitzen. Erabat izoztuta zeuden, eta, tenperatura oso hotzak zirenez, gure hatzek asko sufritu zuten. Ia egunero bustitzen ginen, baina bagenekien arrakasta izateko baldintza horietan eskalatu behar genuela. Ekaitza baretu bezain laster, kanpalekuak mugitzen genituen. Jolas bat bezalakoa zen. Presaka ibiltzen ginen; izan ere, ekaitza arratsaldeko zazpietan lehertzen zen. Konturatu gara horma hori igo dugun bakoitzean murru horretan era askean eskalatzea masokismoa dela».

Drew argazkilariak ere iritzia eman nahi izan digu. “Riders on the storm”-en irudiak hartzeaz gain, beste lan garrantzitsu batzuk bete zituen: «Finean, esperientzia hori dokumentatzea zirraragarria izan da, eta bide batez hormatzar horretan egun asko eskalatzaile ikaragarri horiekin partekatzea. Kide hauek zioten bide hori librean eskalatzeko zorte handia behar zutela, baina nik uste dut zorterik ez dutela izan; bederen, ez asko, ezta gutxi ere. Espero zuten baino lehenago heldu ginen tontorrera, eta hori lortu zen taldeak izan zuen energia positiboari esker. Ezohiko taldea osatu dugu».