GARA
DONOSTIA

Suteei aurre egiteko ikuskapenak eskatu dituzte Donostian

Donostiako Parte Zaharreko biztanleek manifestazioa egin zuten atzo, auzoan izan diren suteengatik duten kezka adierazteko eta Udalari ostalaritza arloko lokal eta biltegietan ikuskapen zorrotzagoak egin ditzala eskatzeko.

Fermin Calbeton kaleko Zumeltzegi tabernan izandako sutearen ondoren deitu zuten mobilizazioa. Izan ere, auzoan zenbatu duten gisa honetako hamaseigarren sutea da. Hiriko suhiltzaileek ere mobilizazioa sostengatu zuten.

«Goia alkateak ikuskapenak egiten direla esan duenez, ikuskapenen datuak publiko egiteko eskatzen diogu. Ekintzekin froga dezala udal-gobernuak suteen aurkako prebentzio-protokoloren bat duen. Informazio hori gabe, sinesgarria al da bere hitza? Ez, gure elkartearen ustez», adierazi zuen Parte Zaharrean Bizi-k.

Era horretan, suteen prebentziorako udal ordenantza bat onar dadila aldarrikatu zuten, bai eta kanpaiak eta ke-hodiak garbi mantentzea ere, urtean bitan ziurtagiriak aurkeztuz.