Txoli MATEOS
Soziologoa
JOPUNTUA

Maitemina

Klitoria zer den ez zekiela erantzun zidan hiru seme-alaba eta 50 urte zituen emakumeak, artean ni gaztea nintzela. Ez nintzen ausartu galdera gehiago pausatzera. Orgasmorik inoiz izan ote zuen, adibidez. Zitekeena zen, emakume batzuek penetrazio soilarekin lortzen dute-eta. Ez nion itaundu ere ea masturbatzen zen, baina nahiko argi neukan balizko erantzuna.

Ezagun da: feminismoaren itzala gizartearen arlo guztietara zabaldu da eta urrats erraldoiak gauzatu dira denbora laburrean emakumeok ahalduntze aldera. Badago zer ospatua! Hala ere, niri gogoan iltzatuta geratu zait benetako iraultza ekarri zuela gure artera hasierako feminismoak sexualitatea ulertzeko orduan. Emakumeok, gazteak gutako gehienak, geure gorputza plazer iturri gisa ikusten ikasi genuen eta, ondorioz, harreman heterosexualak erabat aldatu ziren. Halabeharrez. Beste emakume mota bati ezin zitzaion egokitu betiko gizon estiloa. Baina maitasunaz ez genuen sakonki hitz egiten. Edo ni ez naiz gogoratzen, behintzat.

Konplikatua da maitalearenganako mendekotasunetik askatzea eta hura maitatzea aldi berean, harreman heterosexualetan zein homosexualetan. Egun, gogoeta ugari aurki dezakegu maitasunaren labirintoetan barrena doazenak. Horietako bat da Karmele Jaioren “Maitasun kapitala” eleberri bikaina. Emakume asko identifikatu litezke protagonistaren sentimendu erotiko, grinatsu eta itsuekin. Eginez gero, lotsatuta adieraziko lukete, adikzioren bat aitortzen den gisa berean.

Soziologiaren eta feminismoaren analisiak aintzat hartuta ere, jarraitzen dugu ero moduan maitemintzen, sexua bidaia lagun dela. Bestela, altxa dezala eskua inoiz maitemindu ez denak! Maitasun zintzoak bizitzeko gogoa pizten duelako. Afektuei gorazarre egiten diegun garaiotan, maiteminaren ederra ere aldarrikatu dezakegu. Ruper Ordorikaren kanta hunkigarri baten zatiak datozkit burura: «Zure etxera noa, hasi berrien pozaz... munduak badu onik!».

Eta, maiteminduta egon edo ez, aholku bat: irakur ezazu “Maitasun kapitala”!