IRAITZ MATEO
DONOSTIA

«Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero» liburua eman du argitara Urtzi Urkizuk

ETBk 40 urte bete ondotik, Urtzi Urkizu kazetari eta idazleak Euskal Telebista Publikoaren inguruko hausnarketak jaso ditu liburu batean. ‘‘Txoria hodei artean’’ liburua aurkeztu zuen atzo Donostian, ETBn ibilitako eta egun lanean dauden hamaika lagunez inguraturik. «Eztabaida sakon baten beharra» da liburuaren ondorio nagusietako bat.

Urtzi Urkizuk, atzo, ETBren inguruko liburua aurkeztu zuen Donostian.
Urtzi Urkizuk, atzo, ETBren inguruko liburua aurkeztu zuen Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Azken urteetan euskal gizartean sumatzen den kezka baten inguruko hausnarketa bildu du Urtzi Urkizu kazetariak liburu batean. «Euskarazko telebistak behar bezala erantzuten al die euskal komunitatearen egungo beharrei?» galderatik abiatu du “Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero” liburua. 35 elkarrizketa egin dizkie gaian «adituak zein arituak» direnei.

Martin Anso editorearekin batera aurkeztu zuen; Elkar, ‘‘Berria’’ eta Jakinek elkarlanean osatzen duten Aleka bildumaren 14. alea da, eta editorearen iritziz «azken urteetako kezka bat plazaratu du, eta gogoeta egiteko materiala da». Euskal Telebistaren «iraganaz eta etorkizunaz» hitz egiten duela aurreratu zuten.

Liburua 12 atalek osatzen dute, lehenengoan ETBren hastapenak jasotzen dira, garaiko protagonisten ahotik, baina ondoren liburuak ez du ordena kronologikorik jarraitzen; elkarrizketak eta hemeroteka baliatu ditu datozen gaiak lantzeko: «Euskara eta gaztelania ETB1en eta ETB2n, kontrol politikoa eta kontrol organoak, zentsura kasuen salaketak, albistegiak, bikoizketa, telesailak, zinema, ekoiztetxeak, entretenimendua, ikusle datuak, Primeran plataforma, adimen artifiziala eta, amaitzeko, ETBk nora jo behar lukeen galdetu diet elkarrizketatu askori». Atal horiez gain, Itziar Ituñoren hitzaurrea du liburuak, eta Urkizuren beraren epilogoa, «eztabaidarako abiapuntua izateko asmoz».

Udaberrian ETBren inguruko eztabaida batzuk aurreikusten direla aurreratu zuen idazleak, eta liburuan jasotzen diren baina oraindik publikoak ez diren bi albisteren berri ere eman zuen. Batetik, “Hondar ahoak” telesaila egin zuen lantaldeak fikzio horren jarraipena grabatuko duela kontatzen du liburuan bertan. Eta bestetik, Lakuak diru kopuru bat emango diola 2024an ETBri, euskarazko telesail independenteak sortzeko eta ekoizteko, bi milioi euro, hain zuzen ere.

NORA JO?

Urkizuk, lanaren mamian sartzeko, liburuko zenbait ideia azaldu zituen aurkezpenean. Bere ustez, Garazi Goia Europako telebista publiko garrantzitsuenen aholkulariaren ikuspegia ez da Euskal Herrian behar adina aintzat hartzen, eta horregatik, bere hitzak aipatu zituen: «Hizkuntza gutxitu bat dugun aldetik, lan bikoitza eskatzen du. ETB1en eta ETB2n indar bera jartzen baldin bada, gizartean duen eragina ez da bera. Esfortzu eta indar handiagoa eskatzen du euskarak, jatorritik ez bada ahalegin hori egiten eta ez bazaio ETB1 kateari proportzionalki indar handiagoa ematen, eragina murriztuz joaten da».

Bea Zabalondo unibertsitateko irakasleak etorkizuneko Euskal Herrian jarri du bista: «Etorkin gero eta gehiago datoz eta etorriko dira Euskal Herrira. Horiei denei esateko gure hizkuntza euskara dela zer modu hoberik marrazki bizidunak, telesailak, filmak eta dokumentalak euskaraz erakustea baino? Egunkari bat hartu baino askoz lehenago jarriko dira etorkinak telebistaren aurrean».

Epilogoari erreferentzia eginez, etorkizunari begira baikor agertu da Urkizu: «Baikorra naiz, profesional asko daude euskarazko telebista egiten».

Bestalde, aldaketarako zenbait proposamen jasotzen ditu epilogoan, horietako bi aletu zituen aurkezpenean. «Zuzendaritza nagusiaren aukeraketaren inguruko eztabaida sakona burutu behar da». Eta, bigarrenik, hizkuntz politikei erreferentzia egin zien, «euskarak erdigunea hartzeko» egin beharrekoak aipatuz.