NEREA LAUZIRIKA
BILBO

Lehen diskoan zenarekin konektatuta, lan berria dakar Anarik: «Giza zarata»

Disko berria kaleratu du Anarik, «Giza zarata». Lehen diskoan zen horretara itzuli da, 27 urteko ibilbidean izandako eboluzioa alde batera utzi gabe. Atzo aurkeztu zuen lan berria Bilboko Kafe Antzokian eta Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean eskainiko du aurkezpen birako lehen kontzertua, hilaren 16an. Disko berria salgai dago joan den astetik eta entzungai ohiko plataformetan.

Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zuen Anarik disko berria.
Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zuen Anarik disko berria. (Monika DEL VALLE | FOKU)

”Giza zarata” diskoa kaleratu du Anarik eta duela 27 urte lehen lana aurkeztu zuen toki berean aurkeztu zuen atzo bertan, Bilboko Kafe Antzokian. Hain zuzen ere, azaldu zuen disko berria grabatzean «bereziki konektatuta» sentitu dela lehen disko horretako Anarirekin. Joan den astean kaleratu zuen diskoa, salgai dago dagoeneko eta eskuragarri ohiko plataformetan, hots, Spotifyn, Youtuben eta Bancampen.

Hamar abesti dakartza diskoan (“Troiako zaldia”, “Ez nengoen han”, “Tigrea”, “Kontinente zaharra”, “Bunkerra I”, “Edertasun arraroa”, “Bunkerra II”, “Inmolazioa”, “Vesna vulovic” eta “Giza zarata”), banan-banan sortuak, lehen diskoan egin zuen modu berean: «Kantuak barne arkitektura bat dauka».

Orduan bezala, orain arte eutsi dion «erresistentzia estetiko» moduko bat sentitzen duela azaldu zuen, ondo sentiarazten duena. Izan ere, Anarik uste du berea ez dela musika egiteko modu bat soilik, «musikaren industrian egoteko modu bat» ere badela deritzo.

Ukaezina da zerbaitek desberdintzen duela Anariren musika beste edozein doinurengandik. «Sonidoa» aipatu zuen, hori izango da agian, duela 27 urte «berria» zena eta orain, ordea, «berritua». Azaldu zuen gero eta gauza gehiago egiten direlarik, gero eta zailagoa dela berritzailea izatea.

Hitzetan barruan zeramana ateratzeko joera izan du, baina lan berrian kontrako bidea egin du, kanpokoari sartzen utziz. Ez zaio erraza egin, berea sentitzen ez duen eremu batera joan delako idaztera. Izan ere, aitortu zuen politikoagoa izan dela betidanik bere eguneroko bizitzan «nire kantu malenkoniatsuetan baino».

«Norberaren azalari buelta ematea, jertseari buelta ematea kendu gabe», azaldu zuen Anarik lan berriak suposatu diona. Hau da, ez da azal berri bat janzten ari disko honetan gai sozialagoak jorratu izanagatik ere. Horren berea duen ahots poetikoa mantendu du, beraz.

Abestiak idazteaz Anari bera arduratu da, bakar-bakarrik, egin ohi duen bezala. «Anti-metodoa» ere, ohikoa duena eta aldatu ezin duena, erabili duela azaldu zuen, hots, azken momentura arte abestia bukatutzat ez ematea: «Orain uzten badidate, beste ahotsen bat-edo grabatuko nioke». Moldaketak eta ekoizpena, ordea, Joaquin Pascualekin batera egin ditu.

Paco Loco Estudios-en grabatu du lan berria eta nahasketa eta mastering-ak Martxel Arkarazok egin ditu Garate Studiosen. Anari bera ibili da ahotsean eta gitarran, Mikel Txopeitia baterian eta perkusioetan, Xabier Olazabal “Drake” baxuan, Joaquin Pascual gitarran, pianoan eta teklatuetan eta Paco Loco elektro-trasteetan.

Diskoaren diseinua eta artea Alots Arregiri egindako enkargua dira. Izenaren aukeraketaren inguruko azalpenak ere eman zituen, Raymond Carverren testu zati batetik eratorritako kontzeptua baita “Giza zarata”.

ZUZENEKOAK

Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean emango du lehen kontzertua, Muarerekin batera, martxoaren 16an. Hilaren 21ean aurkezpena egin zuten toki berean eskainiko du emanaldia, alegia, Bilboko Kafe Antzokian. Hurrengo egunean, hots, 22an, Gernikako Lekuek Festibalean arituko da.

Apirilerako beste hiru kontzertu ditu antolatuta, 11n Gasteizko Jimmy Jazzen, 20an Iruñeko Totem Aretoan eta 21ean Hendaiako Mendi Zolan Kulturgunean.