Neomak-en «Hor gaude», Herri Urratsen kanta
Neomak taldearen «Hor gaude» izango dela aurtengo Herri Urrats festaren kanta jakinarazi zuten atzo. Nerea Ibarzabalek idatzi ditu hitzak; bideoklipa Mikel Cubillok eta Asier Elgezuak zuzendu dute.
«Zubiak sortzen/jaikitzen (e)ta erortzen/ikasi dugu/urratsak elkarlotzen», dio aurtengo Herri Urratseko abestiaren errepikak. Neomak taldeak ondutako “Hor gaude” kanta aurkeztu zuten atzo, bideokliparekin batera.
Musika Gipuzkoako taldeak egindakoa bada ere, hitzak Nerea Ibarzabalenak dira eta ekoizpena, Jimbo Paezena. Bideoa Mikel Cubillok eta Asier Elgezuak zuzendutakoa da eta Imanol Laisne da antzezlea, taldeko kideez lagunduta.
Atzo aurkeztu zituzten abestia eta bideoa Baionan, baina aurkezpen ofiziala datorren igandean izango da, hilak 10, Neomak taldeak Donibane Lohizuneko Tanka aretoan eskainiko duen kontzertuan.
Maiatzaren 12an ospatuko da Senpereko aintziran Herri Urratsen, Ipar Euskal Herriko ikastolak laguntzeko jaiaren, 41. edizioa. Azaroan iragarri zutenez, Beskoitzeko ikastolari bideratuko diote egun horretan bildutako dirua, eraiki ezinik dago eta.