Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Hitzak (I)

Hainbat dira ikasgelan jorratzen ditugun gaiak, betiere ikasleen pentsamendu kritikoa sustatzeko asmoz. Esaterako, hitzen indarraz aritzen gara, errealitatea sortzeko duten gaitasunaz. Edo egia eta egiantzekotasuna gauza bera ez direla, ebidentzia behar dela zerbait frogatzeko, eta ebidentzia bera zenbait filtrotatik igaro behar dela fabrikazioak saihesteko.

Testuinguruaren garrantziaz luze aritzen gara ikasgelan, ezinbestekoa baita gertaeren nondik norakoak ulertzeko. Zerbait ulertu nahi izateak ez du gertaera justifikatzen; ulermena gakoa da, ordea, arazoari konponbide bat bilatzeko.

Eta aurreiritziei buruz ere hitz egiten dugu maiz: barneratu ditugun ikuspuntuak eta zer eragin duten azterketa prozesuan.

Ikasgelan landuriko alderdi horiek guztiak faltan sumatu ditugu mendebaldeko hedabideek palestinarren genozidioaren berri ematerakoan. Kasurik muturrekoena ‘‘The New York Times’’ egunkarikoa dugu, Israelgo zerbitzu sekretuetan ibilitako Anat Schwartz kontratatu baitzuen urriaren 7an Hamasek sexu krimenak burutu zituela idatz zezan. Uste batean oinarrituriko albistea zen, Schwartzek fabrikaturiko datuekin berretsi zuena.

Bolo-bolo ibili zen berria mendebaldeko hedabideetan, genero eta adin guztietako palestinarrek Israelen eskutik jasandako sexu abusuei buruz txintik esan ez duten horietan. Hara Barbie feminismoa.