Jon ORMAZABAL
PILOTA

Aurkariak txikitzeko beste era batekin, baina betiko lekuan da Zabaleta

Lehen erdi luzean erritmoa ezartzeko gai izan zen Artola beste behin oso on batek eta Imaz sendo batek bideratuta izan zuten garaipena, 17-14 aurreratu zirenean. Baina lehendabizi lehiari eutsiz eta gero hautsiz, atzelari nafarrak erabaki zuen.

Partidaren hasieran Artolak estutu bazuen ere, azkenean Zabaletak agindu zuen.
Partidaren hasieran Artolak estutu bazuen ere, azkenean Zabaletak agindu zuen. (Idoia ZABALETA | FOKU)

33 urte bete eta biharamunean, bere ibilbide oparoko Binakakoaren seigarren finalaren atarian da Jose Javier Zabaleta, oraingo honetan Peio Etxeberriaren laguntzaz. Aspeko nafarrek gaur bertan bota dezakete azken ate hori, beren enpresako kide Altuna eta Martijak Jaka-Mariezkurrenari irabazita; baina, edozer gertatuta ere, Nafarra Arenarako bidea oso egina utzi zuten atzo Labriten Artola eta Imazen aurka oso zail jarria zitzaien partida bat irauliz. Baikoko gipuzkoarrak 17-14 ere izan ziren aurretik, baina azkenean etxarrendarraren nagusitzaren aurrean amore eman behar izan zuten.

Eutsi eta hautsi. Bosgarrena izan daitekeen txapel horren bidean, adinagatik edo, Zabaletak aurkariak hausteko modua aldatu duela dirudi. Aurreko igandean halatsu egin zuen Ogetan eta atzo berriz Labriten, partidaren lehen erdian aurkariei eutsi -kasu honetan bereziki Artola eta bere sotamanoei- eta indarrak faltatzen hasi ziren unean hautsi zuen partida etxarrendarrak.

Berriki hil den Akira Toriyamari keinu bat eginez, esan genezake etxarrendarrak Kame Hame Ha gutxiago botatzen dituela bere aurkarien kontra. Haren eskuinkadek ez dute agian duela urte batzuetako distirarik, baina denborarekin, esperientzia irabazi eta berehala hautsi ezin dituen partidak landuz eta gogortuz, helmuga berera heltzeko gaitasuna garatu du.

ARTOLAREN SOTAMANOA

Hori bai, jokatzeko era honek ere baditu bere arriskuak, eta atzo garesti ordaintzekotan egon ziren Aspeko nafarrak, alde batetik, Artolaren egungo sasoiari eustea ez delako batere erraza -beste behin bere sotamanoarekin partidaren erritmoa ezartzeko gai izan zen alegiarra eta errematean, sake-errematean bereziki, oso eraginkor aritu zen- eta, bestetik, Peio Etxeberriak, lehen erdi luzean behintzat, ez zuelako aurreko bi partidetako eraginkortasunik erakutsi tantoak amaitzerakoan.

Taktikoki ere arriskuak hartu zituzten atzo urdinez aritu zirenek, partidaren puska handi bat aurkarien pilotekin jokatu baitzuten, eurenak azken txanparako gordetzeko asmoz edo. Euren pilota zekenagoekin Iñaki Artola izan zen, bereziki bere sotamanoekin, partidaren erritmoa jarri eta Zabaleta estutu zuena, harik eta etxarrendarrak bere legea ezarri zuen arte.



Larrazabal-Eskiroz, B seriekoan finalista

Txapelketa aurkeztu zenean faborito nagusiak ziren eta, lehen ligaxkan bi lehenengoetan sartzerik izan ez zuten arren, Iker Larrazabal eta Iosu Eskiroz, egungo Promozio mailako txapeldunak, B seriea izena hartu duen txapelketako finalean izango dira. Ostiralean Zumarragan Egiguren V.a-Eskuzari 22-11 irabazi zieten, lehen jardunaldiko bikote irabazleen arteko deman. Jaialdiko bigarren partidan, lehen jardunaldian 22ra heltzerik izan ez zutenen arteko deman ere Baikoko bikotea, Agirre-Iztueta erraz nagusitu zen De la Fuente-Bikuñaren aurrean (22-6), eta horrenbestez kontuak asko argitu dira.

Ostiralean Aretan, Laudion, bi partida jokatuko dira, baina sailkapenari begira bakarrak izango du garrantzia; Asier Agirre-Iztueta eta Egiguren V.a-Eskuzaren artean nagusitzen den bikoteak jokatuko du finala Larrazabal-Eskirozen aurka. De la Fuente-Bikuñak ez dute aurrera egiteko batere aukerarik.J.O.