GARA
TXIRRINDULARITZA

Vingegaardek sarraskia egin du Tirrenon, eta Vlasovek miraria euripean

Daniarrak beste erakustaldi bat egin du, etapa nagusian irabaziz eta lasterketa laztanduz. Bestalde, Bora taldeko errusiarrak bi urte eta gero berriro irabazi du, Paris-Nizako faboriten arteko markaketa aprobetxatuz. Brandon McNultyk lidergoa mantendu du.

Jonas Vingegaardek sarraskia egin zuen etapa nagusian.
Jonas Vingegaardek sarraskia egin zuen etapa nagusian. (TIRRENO ADRIATIKO)

Gaurko egunak ikuskizuna dakar txirrindularitzan. Egia da Tirreno Adriatiko lasterketa laztantzen ari dela Jonas Vingegaard, are gehiago atzo emandako erakustaldiaren ondoren, baina Paris-Nizako azken etapak gauza asko ditu oraindik jokoan, ez galtzekoak.

Tirreno Adriatikorekin hasiz, Tourreko txapeldun Vingegaardek aurkaririk ez duela erakutsi zuen berriz ere. Ostiralean irabazi egin zuen, lider jarriz, eta atzo, etapa nagusian -Sassoferrato eta Cagli artekoa, 180 kilometrokoa-, atzean utzi zituen aurkari guztiak, bakarka irabazi eta segundo gehiago ateraz.

Helmugarako sei kilometroren faltan, hamar kilometro luzera duen Monte Petranon barrena, daniarrak ihes egin zuen eta inor ez zen kapaz izan haren gurpilari jarraitzeko. Hortik aurrera bikain kudeatu zuen lasterketa Jumboko txirrindulariak, eta 26 segundoko aldearekin irabazi zien Juan Ayuso (UAE) eta Jai Hinley (Bora) australiarrari.

Sailkapen nagusian 1:20ko aldea du Jonas Vingegaardek, lasterketa mitiko hau irabazteko. Ayuso da bigarrena, baina, daniarraren maila ikusita, oso zaila izango da lidergoa kentzea. Atzo Richard Carapaz saiatu zen, baina ezin.

BALENTRIA PARIS-NIZAN

Bestalde, Paris Nizako zazpigarren etapa motza izan zen, 104 kilometrokoa besterik ez. Baina ikusleek jardunaldi polita, eta batez ere gogorra, ikusi ahal izan zuten. Aleksandr Vlasovek (Bora Hansgrohe) lortu zuen garaipena Madone D’Utelleko helmugan, euripean eta bakarka, azken kilometroetan ihes egin ostean. Errusiarrak faboritoen arteko markaketa aprobetxatu zuen bi urte eta gero berriro ere besoak altxatzeko. Zortzi segundoko aldea atera zion Evenepoel, Jorgensen eta Roglic kidea zeuden taldeari. Bitartean, Brandon McNulty (UAE) estatubatuarrak lidergoari eutsi zion, baina Evenepoelek lau segundo jan zizkion bonifikazioan eta Roglicek bi, eta gainera 21 segundo atera zizkioten helmugan.

Gaurko azken etapari begira, oso interesgarria izango da ikustea ea McNultyk lortzen duen lidergoa mantentzea. Matteo Jorgensen (Visma) lau segundora besterik ez du sailkapen nagusian, Mattias Skjelmose (Lidel Trek) 35era eta Remco Evenepoel (Soudal) 36ra. Atzerago daude Primoz Roglic (Bora), 41era, eta Egan Bernal, minutu pasatxora.