GARA
IRUN

Egun osoko jaia prestatu dute Irunen, 23. Korrikaren hasieran

Etzi, osteguna, Irunen hitzordu garrantzitsua du Euskal Herriak, bertatik abiatuko baita, «Harro Herri» leloarekin, 23. Korrika, 16.00etan. Goiz-goizetik hainbat ekintza eta giro ezin hobea izango dira hirian, jendeak Irun euskaldun eta horregatik harroa ezagutu dezan.

Xabier Artola, Beñat Alzaga eta Maddi Sanz, atzo, Korrikaren hasiera Irunen aurkezten.
Xabier Artola, Beñat Alzaga eta Maddi Sanz, atzo, Korrikaren hasiera Irunen aurkezten. (G. ARANBURU | FOKU)

Egun osoko jaia prestatu dute irundarrek etzi, ostegunean, 23. Korrika abiatzeko. Egitaraua 11.00etan hasiko da Gazte Korrikarekin. Goizean muxikoak izango dira Almudena Grandes plazan, baita bertso triki poteoa eta artisau azoka ere, besteak beste.

Bazkalondoren, 15.30 aldera, hasiera ekitaldia izango da, San Juan plazan jarriko den oholtzan. Bertan AEKko kideek hastapena emango diote lasterketa erraldoiari, Maddi Sanz harpa-jotzaileak eta Koldo eta Xabi Sorzabalbere txalapartariek lagundurik.

LEHEN KILOMETROA

Behin mezua lekukoan sartuta, 16.00etan abiatuko da Korrika. Lehen kilometroa Bidasoko AEK euskaltegiko 11 irakaslek egingo dute. Euskaltegiko zuzendari Beñat Alzagaren esanetan, «lehen kilometro horrek islatuko du, alde batetik, euskaraz bizitzeko kemena; bestetik, Korrikak hauspo izan nahi duela Irunen, euskalduntze lanak tinko egiteko».

Korrikak Lapurdin barrena segituko du, eta jai betean utziko du Irun, kontzertu eta ekitaldi anitzekin, denak Mosku plazaren inguruan: Burrunba elektrotxaranga tabernetatik, eta Esne Beltzaren zein Bad Sound-en kontzertuak agertokian. Horrez gain, bi txosna ere egongo dira 12.30etik gauerdira arte.

IRUN EUSKALDUNA

Irun izango da, beraz, ostegun honetako protagonista nagusia, bertako AEK euskaltegiak eta herriko eragileek egindako lanari esker. Hilabeteetako ahalegina izan da, auzolan erraldoia, eta etzirako hiria prest izango da etorriko den herritar andanari harrera egiteko.

Maddi Sanz hasiera jaiaren koordinatzaileak adierazi zuen Korrikak aukera eman diela herriko euskaldun eta euskaltzale guztiak topatzeko: «Euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatuko dugu. Irun euskaldun eta horregatik harroa ezagutzera gonbidatu nahi dugu Euskal Herri osoa».

Korrikaren hasiera telebistaz (baita Interneten ere) nahiz irratiz jarraitu ahal izango da zuzenean, hainbat hedabideren saioei esker. Informazio guztia, korrika.eus-en.