GARA
BILBO

«Aita Mari» Euskal Herrira itzuliko da SMHren proiektua herritarrei hurbiltzeko

«Aita Mari» ontziko tripulazioa.
«Aita Mari» ontziko tripulazioa. (SMH)

Salvamento Marítimo Humanitario (SMH) gobernuz kanpoko erakundearen “Aita Mari” itsasontzia Euskal Herrira itzuliko da, bere hamabigarren misioa osatu ondoren. Helburua da dagozkion eguneraketa eta doikuntzak egitea eta proiektua bera herritarrei hurbiltzea. GKEak azaldu duenez, «zor hori ordaindu gabe dago Euskal Herriarekin, 2020tik ez baita etxera itzuli».

“Aita Mari”k Vinaros edo Burrianako Mediterraneoko portuetan du egoitza, baina orain misioen arteko bi hilabeteak Euskal Herriko uretan egingo ditu. Lehenengo hilabetea Bilbon igaroko du, Itsasmuseum-en ondoan, eta bigarrena Pasai San Pedron, bertako itsas jaialdirako garaiz iritsiz. Bitartean, mahai inguruak, hitzaldiak, eztabaidak eta bisitak egingo dira itsasontzira, «Mediterraneo Erdialdeko errealitatea eta Europan bakean bizitzen saiatzean milaka pertsonak aurre egin behar dioten bidegabekeria hurbiltzeko. Lekukoa bakarrik ez, ‘Aita Mari’ herritarrentzat informazio plataforma ere izatea nahi dugu», azaldu du SMHk.

Itzulera bidaia Sirakusako portutik hasiko da, eta, meteorologiak laguntzen badu, hamabost egun beharko ditu euskal kostaldera iristeko.

Hortaz, 12. misioa amaitutzat eman du. Eguraldi traketsak eta Italiako Gobernuaren une oroko trabek kalte materialak eragin dizkio, «eta murriztu egin dituzte baliabideak eta denbora. Ezbeharrak gorabehera, erreskate arrakastatsu bat egin da: 43 pertsona artatu ziren eta Italiako portu segururaino lagundu zitzaien».