Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
Elkarrizketa
AINHOA MORAZA
Atletico Madrileko jokalaria

«Lehen gola sartzen duenak partida zertxobait kontrolatuagoa izango du»

Kopako titulua defendatzen saiatuko da Atletico Madril gaur, Realaren aurkako finalerdian, Anoetan (18.30ean). Ainhoa Morazaren (Donostia, 1995) ustez, joaneko neurketa «parekatua» izan zen, eta berdinketa «emaitza justua». Iragan zuri-gorria eta txuri-urdina du donostiarrak. Partida berezia da harentzat, eta «urduritasun hori» badu.

(AFP7 | EUROPA PRESS)

 

Joan den asteazkeneko partidan, sentipen baikorra baino gehiago, gazi-gozoa izan zuen Ainhoa Morazak: «Sentsazio honekin geratu ginen: agian bi gol aurretik joan gintezkeela lehen zatian, baina ez zela horrela izan». Ez dute presiorik finalera ailegatzeko; ilusioa, ordea, bai: «Finalean egon nahi dugu, eta gure buruari exijitu behar diogu hor egotea». Bana berdindu zuten talde txuri-urdinaren aurka iragan asteazkenean, Kopako finalerdietako joaneko partidan. Kanporaketa «oso irekia» ikusten du. Haren lagunak eta senideak Realeko bazkideak dira: «Beraiek realzaleak dira, baina ni hemen banago, nirekin daude, horren dudarik ez dut», dio barrez Morazak.

Donostiara itzuliko zara. Non eta Anoetan jokatuko duzu…

Bai. Gogotsu nago, partida berezia baita niretzat. Azkenean han erabakiko da neurketa, non eta Anoetan... Pozik nago. Hala ere, urduritasun hori badut: etxean jokatzea, zure hiriko estadioan, zure lagunak eta zure familia gertu izatea...

Ikusita Madrilen azken momentuan sartu zenutela berdinketaren gola, balekotzat eman zenuten emaitza?

Ez. Formatua berria da guretzat. Finalerdiak bi partidatara izanda, ez dakizu noiz erabaki daitekeen kanporaketa. Azken minutura arte borrokatu behar da. Guk erakutsi genuen hor jarraitu nahi genuela, final horretan egoteko, eta 1-1 egin genuen. Esan bezala, hor erabakiko da nor doan finalera.

Lehia oso parekatua jokatu zenuten. Realak ohi baino atzerago defendatu zuen.

Uste dut nahiko partida parekatua izan zela, bai. Guk aukera asko izan genituen, baina ez genuen sartu, eta aurretik jarri zirenak haiek izan ziren, Amaiurrek kontraeraso batean sartutako gol batekin. Hala ere, Gabyrekin [Garcia] guk min handia egin genuen, eta azken minutuan markagailua berdintzea lortu genuen. Uste dut emaitza justua izan zela.

Zuek penalti bat huts egin zenuten lehen zatian, eta gero langara ere baloi asko joan zitzaizkizuen.

Ate aurrean ez genuen egun oso ona izan. Baina taldeak lanean jarraitu zuen, eta hori ikusi zen. Azkenean sartu genuen, nire ustez behintzat, merezitako gola.

Realak sentipen gazi-gozoa izan zuen joaneko partida amaitu ondoren. Zuek, agian, baikorragoa?

Bai, esan daiteke. Uste dut sentipen baikorra dela gola sartu genuelako. Baina, hainbeste aukera galduta, guretzat ere neurketa gazi-gozoa izan zen, izan genituen aukera asko ez zirelako sartu. Sentsazio honekin geratu ginen: agian bi gol aurretik joan gintezkeela lehen zatian, baina ez zela horrela izan. Lanean jarraitu behar dugu. Orain horretan gaude, asteburuan jokatu zutenak errekuperatzen, eta besteak bestelako lan bat egiten. Prest gaude asteazkenean [gaur] dena emateko.

Kanporaketa zabalik dago. Zer espero duzu neurketaz?

Iruditzen zait pareko egongo dela, hemen egon zen bezala. Aurrean dituzten eta ditugun jokalari erasokorrekin uste dut goleko aukera asko izango ditugula, bai beraiek, baita guk ere. Lehen gola sartzen duenak partida zertxobait kontrolatuagoa izango du. Besteak, ordea, dena eman beharko du markagailua iraultzeko.

Nola uste duzu aurre egin behar diozuela Realari?

Egia da haiek oso ondo jokatzen dutela, batez ere erdian, ondo mugitzen dira jokalariak. Guk ere nahiko jokalari erabakigarriak ditugu. Guk min asko egin dezakegu aurrean jokalari azkarrak ditugulako, baina atzean ere sendo egon behar dugu. Baloia ondo mugituta, barrutik kanpora, eta erdiraketak eginda, uste dut mina egin dezakegula. Hala ere, beraiek ere jokalari oso onak dituzte; beraz, zaila izango da. Gainera, jakinda beraiek zaleak izango dituztela haien estadioan... Beraiek etxean jokatzen dute, baina guretzat ere polita da halako zelai batean jokatzea.

Zuek zarete iazko txapeldunak Kopan. Bai ala bai finalean egon behar duzuen sentsazioa duzu?

Ez. Azkenean urtero kontuak aldatzen doaz, eta presio hori ez dugu izan behar. Aurreko denboraldian ikusi zen galtzen gindoazela 2-0 finalean, eta gero irabazleak izan ginela... Edozein momentutan edozer gerta daiteke. Iruditzen zait lasai egon behar dugula. Iaz irabazi izanagatik aurten ez dugu zertan finalean egon. Baina bada gure ilusioa: hor egon nahi dugu, eta gure buruari exijitu behar diogu hor egotea.

Markagailu bat partidarako?

Ez, ez naiz ausartuko. Gure alde egoon dadila markagailua, eta kito.

Beharbada lagunen batek eskatuko zizun sarreraren bat, ezta?

Nire familia eta lagunak Realeko bazkideak dira, eta berez nire sarrerak Atleticoko harmailetan daude. Orduan haiek beren bazkide sarreren harmailetara joango dira, beraiek nahiago baitute giro horretan egon. Hori bai, nire alde egongo dira.

Orduan, zure senideek partidan bihotza erdibituta izango dute?

Ez, esan nahi dut realzaleak direla. Baina ni hemen banago, nirekin daude, horren dudarik ez daukat [barrez].