Asier AIESTARAN
PILOTA

Altunarik onena eta Martija finalean dira berriz bi urte geroago

Aurrelari amezketarrak sekulako erakustaldia eman du eta Aspekoek 22-9 menderatu dituzte Artola eta Ander Imaz Eibarren. Peio Etxeberria eta Zabaletaren aurka jokatuko dute finala bi aste barru, 2022an irabazi zituzten txapelak errepikatzeko asmoz.

Altuna eta Martijaren arteko besarkada sentitua, Astelenako partida amaitu berritan.
Altuna eta Martijaren arteko besarkada sentitua, Astelenako partida amaitu berritan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Jokin Altuna eta Julen Martija izango dira Peio Etxeberriaren eta Jose Javier Zabaletaren aurkariak Binakako Txapelketaren final handian, atzo Eibarren Iñaki Artola eta Ander Imaz 22-9 menderatu ostean. Aurrelari amezketarrak sekulako erakustaldia eman zuen bitartean, Baikokoek ez zuten beren maila onena erakutsi.

Altuna eta Martija 2022an irabazitako txapela errepikatzen saiatuko dira martxoaren 31n Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan. Amezketarrak horixe zuen orain artean Binakakoan jokatutako final bakarra, nahiz eta modalitate guztiak batuta 14. finala izango duen datorrena. Martijak, aldiz, hirugarren finala izango du, 2020koa ere irabazi zuelako Joseba Ezkurdiarekin.

Eta datu sorta amaitzeko, aipagarria da aurtengo txapelak ere Aspe enpresarentzat izango direla, Baikok ez duelako finalean bikoterik sartu. 2016an Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea nagusitu zirenetik, Asegarce-Baikok ez du Binakakorik irabazi.

HASIERATIK

Tentsio handiko partidetan beti esan ohi da ongi hasteak garrantzia berezia izaten duela, eta atzo Altuna eta Martija izan ziren hasieratik askoz zorrotzago jokatu zutenak. Martijak ez zuen distira berezirik erakutsi, baina Altunak argi utzi zuen lehen tantotik egun handietako Jokin ikusiko genuela. Artola eta Imaz, aldiz, normalean baino galtzaileago ibili ziren.

Neurketako lehen bi tantoak, esaterako, Artolaren trakeskeriak izan ziren: ezker horman gora joan zitzaion pilota bat eta airez erantzundako erresto bat. Opariari azkar eman zion jarraipena Altunak gantxo eder batekin eta horma-biko bikain batekin.

Ander Imaz ere ez zen beste batzuetan bezain seguru ibili, hurrengo bi tantoetan ikusi zenez: 5-1ekoan pilota argia galdu zuen eta 6-1ekoan eramateko sakea behera joan zitzaion. Hor ere, partziala Jokinek biribildu zuen beste horma-biko ikusgarri batekin.

Konturatzerako 7-1ekoa erakusten zuen markagailuak eta ikuskizunarentzat zoritxarrez ez zen inoiz urdinen garaipena arriskuan egon. Ikuskizun falta emozio ezagatik aipatzen dugu, Altunak jarraitu zuelako sekulako tantoak egiten: 9-2koa txokoan, 10-4koa atzean, 11-4koa horma-bikoarekin, 12-4koa txokoan, 14-4koa zabalean... Esan ohi da izar handiak partida erabakigarrietan azaltzen direla, eta Altunak beste behin berretsi du multzo horretan dagoela.

BIKOTEA

Julen Martijak ere txapelketa bikaina osatu du. Hilabete batzuetan distira gutxirekin ibili ondoren, aurtengo Binakakoan bere mailarik onenera hurbildu da berriz, eta atzo ere hobetzen joan zen neurketak aurrera egin ahala. Ez zuen pilota bakar bat ere galdu eta tanto bat egin zuen amaieran, 21-9koa atzera jota.

Azkenean emaitza 22-9koa izan zen, uste baino garaipen argiagoa gorrientzat, eta Aspeko bi pilotarien arteko besarkadak argi utzi zuen sentitu zuten poza, txapelketa ez delako inolaz erraza izan.