Jon GARMENDIA
Idazlea

Lore ubelak

Ez nau harritzen Sarako Jondoni Martine elizpean argazkiak egiten norbait aurkitzeak. Ez nau harritzen hango esaldi ezagunari buruzko solasak: Oren guziek dute gizona kolpatzen, azkenekoak du hobirat ehortzen. Tira, emazteak lasai egon daitezke, iduri du orenen kolperik ez dutela jasoko. Edo lehen jasotzen zituztela agertzen du eliza barnean Axular erretorearen ondoan dagoen seroraren hilobiko idazkiak: Orai den seroraren eta izanen direnen jar lekua eta hobia. Egun nehor gutik egiten du serora jarduna, elizak ireki eta itxi, garbitu eta zaindu, bataio, ezkontza eta hiletetan lagundu eta abar. Bizitza oso bat eskerrik gabeko lan eskerga eginez. Ez nau harritzen segidarik ez izateak. Ez nau harritzen ere eliza ondoko hilerrian dagoen hilobi bitxi batekin jendeak biltzen duen harridurak. Harrigarria baita euskal drakularen ehorztokia hortxe izatea. Burdinez josia saguzarren irudiekin, harlauza handi bat gainean, izkinetan bi katetzar, harlauza hori altxa ez dadin bi harri konglomeraturi loturik, pikor ttipiz osatutako arroka sedimentarioa, pisu handikoa, nehork ez dezan mugitu. Kontatuko dut beste batean hilobikoaren berri, baina harridura sortu didan zerbaitekin nator orain, hilobi horren ondoan ikusi ditudan sanjose lore ubelekin. Garbiñeren iritziz odola xurgatu balute bezala. Joan eta ikusi. Edo etorri, udaberria bezala.