Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Layan

Layan Gazako neskatxa palestinarra da. Hamar urte ditu eta denbora luzez zain egon da, eltzea eskuetan, janaria jasotzeko. Orain lasterka doa amonarengana, lagunak zain baititu han.

Amonak ‘‘jrefiyye’’-ak, ipuinak, kontatuko dizkie. Egia esan, amona ez da amona; familia osoa galdu baitzuen azken bonbardaketan. Lagunek ere historia bera dute. Amona kontalariaren bilobak dira orain, bonbardaketa desberdinetan galdu dituen haien ordez. Orain denak dira familia, amona eta bilobak, elkar zainduko dutenak. Eta amonak badu orain ‘‘jrefiyye’’-ak nori kontatua. Eta umeek badute amona kontalaria.

Lehenago, ordea, ipuinak bezainbat, jatekoa behar dute. Eta lasterka doa Layan neskatoa, gorputza eta irudimena goseak egon ez daitezen.

Daukaten janari eskasa guztien artean banatu ondoren, amonak herrialde harrigarrietan bizi diren pertsonaien abentura liluragarriak kontatuko dizkie, non dena den posible. Etxeen eta pertsonen hondakinen artean, hitzek isilarazten dituzte eztandak.

Martxoaren 20an, bihar alegia, Nazioarteko Ahozko Narrazio Eguna ospatzen da. Juan Kruz Igerabidek idatzi du euskal kontalaritzaren aurtengo mezua. «Ametsen lurraldean gaude, denbora biribilaren lurraldean», idatzi du Igerabidek.

Ametsen lurraldean bidaiatuz, denboraren eltzean, Layan neskatoa beste mundu bat posible dela irudikatzen ari da, sarraskiaren erdian.