Garazi CASTAÑO
KORRIKA 23

Bilbora bidean da lekukoa, konpromiso en pizgarria

Giro eguzkitsurik ez zen izan atzo, baina horrek ez zuen Korrikaren grina apaldu. Debagoieneko herri nagusietan euskaltzale mordoa batu zen. Ermutik sartu zen Bizkaira eta, kostatik igaro ostean, Busturialdean egin zuen gaua. Gaur Bilbon izango da hitzordu nagusia, arratsaldeko 17.00etatik aurrera, iluntzeko 20.30ean Barakaldon sartu arte.

Korrika, Mutrikutik igarotzean.
Korrika, Mutrikutik igarotzean. (Jon URBE | FOKU)

Zarautzen 1396. kilometroan ekuatorera iritsi ondoren, atzo Urola Kostatik eta Debagoienetik aurrera segitu zuen Korrikak. Elegetatik Ermura salto egitean, lehen sartu-irtena egin zuen Bizkaian. Jendetza batu zen, eta Eibarren kaleek gainezka egin zuten.

Kostara igarota, Mutriku eta Ondarroa zeharkatu zituen bazkalostean. Lea-Artibai osoan euskaltzaleek harrera beroa egin zioten lasterketari. Euri langarrarekin blaituta, gaua Busturialdean egin zuen.

ETENIK EZ DUEN HARIA

Korrikak egiten duen ibilbidearen mapa eskuartean hartuz gero, Euskal Herria bere osotasunean josten duen hari moduko bat irudikatzen duela ikus dezakegu. Jira eta bira egiten du, txirikordatu egiten da, punta batetik bestera doa... baina bakarra da eta ez du etenik. Euskalgintzaren alderaketa edo irudikapen polita izan liteke.

AEK sostengatzeko eta euskalduntzean egiten duen lanari balioa emateko ekimena da Korrika. Baina bada askoz gehiago ere. Atzo Ermuan lekukoa Euskal Birusa Euskara Elkartea elkarteak hartu zuen, beste askoren artean. Korrikak birusik ez, baina euskaltzaletasunaren hormonarik aktibatzen ote duen ikertzea ez legoke soberan. 11 eguneko “txute” hori non isuri eta nola bideratu izango da ziur aski pisuzkoa den galdera.

Korrika abiatu aurretik, lan handia egiten du AEK-k, egitasmoaren balioak eta aldarriak hedatu eta sustatzeko. Ikastetxeetan egiten den lanketa horren adibide argia da. Besteak beste, unitate didaktikoak sortzen ditu, ekimena hasi aurretik ikasleekin lantzeko.

Korrikaren zain harrapatu genituen, txaranga eta guzti, Elgoibarko Arreiturre institutuko ikasle eta irakasleak. Jon Cuende zuzendaritzako kideak GARAri azaldutako moduan, Korrika aitzakia ona da «euskararekiko sentsibilitate gutxi duten ikasleen artean hurbilpen bat egiteko». 700 ikasle inguru ditu zentroak eta, Cuenderen hitzetan, sumatu du ikasleen artean «egunerokoan euskara ez erabili arren, modu batera edo bestera, atxikimendu bat sortzen dela halako ekimenekin». Bide guztiak ez dira errazak euskarara iristeko, baina horiek urratzen hasteak badu bere garrantzia.

BORROKAREN LEKUKO

100 urte beteko ditu Kontxa Laspiur Bergaran jaiotako eibartarrak. Etxe euskaltzalean jaioa, bizi osoa eskaini dio euskararen aldeko borrokari. Frankismo betean euskara irakasten aritu zen, eta ondoren, anaiak bultzatuta, gau eskolan hasi zen, AEK sortu zen arte. Erretiratu arte bertan izan zen herrikideak euskalduntzen. Atzo, 1520. kilometroan, bere etxe parean itxaron zion lekukoari. Hirugarrenez hartu zuen, eta betiko ilusio eta grinarekin gozatu zuen uneaz.