GARA
BAIONA

NAIZ gune berezia izango da Korrika amaierako festan

Korrikarekin batera, NAIZ gunea ere Baionara iritsiko da igande honetan. Egitarau zabala izango dute aukeran euskararen aldeko lasterketaren azken festara hurbiltzen diren guztiek: jan-edana, musika eta NAIZ Irratiaren zuzeneko emisioa. Anje Duhalde, Xutik, Xiberoots eta SMF taldeek hartuko dute San Andres plazako oholtza. Puntu Ubela ere bertan izango da.

NAIZ gunea San Andres plazan egongo da igandean.
NAIZ gunea San Andres plazan egongo da igandean. (GARA)

Euskal Herriaren erdia zeharkatu du jada Korrikak, eta asko igandeko festa handira begira daude. Aste honetan aurkeztu dute Baionan ospatuko den festaren egitaraua, eta bertan izango da NAIZ gunea, San Andres plazan, eskaintza zabalarekin.

Euskal Herriko txoko guztietako jendea bertaratzeko deia egin zuten asteartean Korrikako kideek, eta NAIZek ere dei berezia egin du milaka euskaltzale elkartuko dituen festara batzeko. Urteak dira AEK-k eta NAIZek Korrikaren aldeko akordioa sinatzen dutela, eta 23. Korrika honetan ere hala izan da. Horri esker Korrikaren petoa kioskoetara heldu zen GARArekin batera, Euskal Herriko ehunka txokotara.

MUSIKA PROTAGONISTA

Musika ugari izango da San Andres plazan kokatutako NAIZ gunean. Korrikaren iritsieraren ondotik hasiko dira emanaldiak. Ipar Euskal Herriko kultur eragileen parte hartzea lehenetsi du Korrikak, eta horren adierazgarri izango da NAIZ gunea ere. 13.45ean Anje Duhalde izango da lehena oholtzara igo eta San Andres plaza kantuan jartzen.

16.00etan Xutik taldeak plaza bera dantzan jartzeko erronkari heldu beharko dio, eta jarraian, 18.15ean Xiberoots taldearen kontzertuaz gozatuko ahalko da. Jai handia borobiltzeko, 20.30ean SMF taldea arituko da San Andres plazan.

Bertako ohitura onei jarraiki, jateko eta edatekorik ez da faltako NAIZ gunean egun osoan zehar. Bestetik, Puntu Ubelak ere bertan izango du txokoa; AEK-k jakinarazi du berariazko protokoloa ezarri duela igandean eraso sexista, arrazista eta homofoborik gabeko eguna izan dadin.

NAIZ IRRATIA, ZUZENEAN

Hamaika egunez konexio bereziak egin ditu NAIZ Irratiak Korrikarekin, herririk herri jarraitu baitio Garazi Castaño kazetariak. Korrika Baionara iritsi eta lasterka egiteari uztea ez da aski NAIZ Irratia isiltzeko, ordea, eta 15.00etatik aurrera zuzeneko emisioa egingo dute.

Iker Gurrutxagak gidatuko du saioa, eta hamaika gonbidatu berezi elkarrizketatuko ditu. Horietako batzuk Korrikan zehar herri ezberdinetan ibilitakoak, beste batzuk Korrika amaierako festako musikariak... eta igandeko giroa uhinen bidez Euskal Herriko etxeetara sartuko da.

BAIONA HELMUGATZAT

Euskal Herriko ehunka herri zeharkatu ostean, 9.14 aldera -dena ondo bidean- sartuko da Korrika Baionan, Polo Beyrisetik. Lauga, Cam de Prats eta Resplandy kaia igaro, eta Santizpirita zubitik Santa Kurutzera eta Baiona Ttipira joko du.

Amaiera ekitaldia Askatasunaren plazan izango da, herriko etxearen parean. Lekukoa 12.30erako iritsiko dela aurreikusita dago, nahiz eta korrikazale askok pentsatzen duten minutu batzuetako atzerapena izango duela. Azken kilometroa egitearekin batera jakingo da nork idatzia den lekukoaren barruko mezu sekretua eta zer duen Baionari eta bertaratutako guztiei kontatzeko. Oraindik geratzen zaizkion kilometroak egiteko ilusioz, baina helmugara begira dago jada Korrika, bai eta hamaika euskaltzale ere.