Manex ALTUNA
BILBO
ATHLETIC

Aitor Paredesek 2029ra arte berritu du

Paredes eta Jon Uriarte presidentea.
Paredes eta Jon Uriarte presidentea. (@ATHLETICCLUB)

Aitor Paredesek sekulako maila eman du denboraldi osoan zehar. Ziur asko klubean ere espero ez zutena. Izan ere, ikasturte hasieran Mikel Gonzalez kirol zuzendariak onartu egin zuen merkatura jo zutela erdiko atzelari baten bila. Horrela, Laporte eta Azpilicuetarekin harremanetan jarri zirela azaldu zuen, Iñigo Martinezen irteerak utzitako hutsunea betetzen saiatzeko. Hala ere, ezin izan zuten akordiorik erdietsi, eta etxeko jokalarien aldeko apustua egin zuten.

Paredes Lezaman hezitako jokalari bizkaitarra da. Hain zuzen ere, Arrigorriagan jaioa 2000. urtean. 10 urterekin sartu zen harrobian, eta 22 urterekin egin zuen debuta lehen taldearekin. Alde horretatik, Mikel Gonzalez kirol zuzendariak «harro» egoteko moduko «eredu bat» dela nabarmendu zuen Athleticen harrobian egin duelako ibilbide osoa.

Iaz iritsi zitzaion lehen aukera Ernesto Valverderen eskutik. 17 partida jokatuta amaitu zuen denboraldia, baina kosta egin zitzaion bere maila onena ematea. Ikasturtearen azken txanpan taldeak izan zuen gainbeherak ere ez zion batere lagundu.

POSTUA BEREGANATU DU

Aurten, berriz, hamaikakoetan egonkortzea lortu du, eta gola ere egin du. Yerayren lesioak titularra izateko ateak ireki zizkion, eta partidak jokatu ahala hazten joan da. Nahiz eta norgehiagoka batzuetan zailtasunak izan -esaterako, Celta eta Valentziaren aurka San Mamesen-, jasotako konfiantzarekin postua bereganatu du erdiko atzelari gisa. Gainera, ezkertia izan gabe, ezkerretik jokatzera egokitu da.

Mikel Gonzalez kirol zuzendariak ere hori goraipatu zuen jokalariaren kontratua 2029ra arte berritu ostean. «Ezker profilean jarduteko erraztasuna dauka», azpimarratu zuen. Horrez gain, «indartsua, oldarkorra, azkarra eta aurrera egiteko gaitasun handikoa» dela esan zuen. «Athleticen bilatzen ari garen erdiko atzelariaren profilaren adibidea da», ziurtatu zuen. Paredes oso pozik agertu zen kontratua luzatu ondoren, eta «amets bat betetzen» ari dela esan zuen.