GARA
DONOSTIA

«Neurri gabeko» larunbatek txotx denboraldia ilundu dute

Pairatzen dituzten ondorio gero eta kaltegarriagoen aurrean, txotx ereduarekiko hausnarketa eskatu zuten Xabier Lertxundi eta Xabier Urdangarin Hernaniko eta Astigarragako alkateek NAIZ Irratian.

2024ko txotx denboraldiaren hasiera, Astigarragan.
2024ko txotx denboraldiaren hasiera, Astigarragan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Asteburuan jai edukitzeko zortea dutenentzat atsedenerako eta aisialdirako eguna izan ohi da larunbata. Gero eta gutxiago, ordea, Astigarragan eta Hernanin, gaur egun ziur asko sagardoarekin eta sagardotegiekin gehien lotzen diren bi udalerrietan. Txotx denboraldiaren oihartzuna handitu ahala, oihartzun horrek gero eta jende gehiago erakarri du eta honekin batera sagardoari lotutako tradizio eta eredua desitxuratu du, bertako herritarrak «kanporatuak» sentitzeraino. NAIZ Irratian izan ziren Xabier Urdangarin eta Xabier Lertxundi Astigarragako eta Hernaniko alkateak.

Erakundeen arteko mahaia osatzeko eskatu zieten Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Lakuako Gobernuari, eta hauek proposamena ez dutela «gaizki ikusten» baina sagardoaren sektorea bertan ordezkatuta egotea beharrezkoa dela erantzun zieten.

«EZ DA JASANGARRIA»

Txotx denboraldia luzatzeak masifikazioan zuzenean eragiten duela esan zuen Urdangarinek; «lehen sei asteburu ziren, orain hiru hilabete baino gehiago». Jende oldeak sortzen dituen kalteak gero eta handiagoak direla salatu zuen: «Iristen da momentu bat non bertako herritarrak arrotzak sentitzen garen».

Hernaniar eta astigartarrentzat txotx denboraldia berezia da: «Sagardoaren kultura gure nortasunaren parte da, baina hor oreka bat bilatu behar da». Ostiralak edo igandeak jartzen ditu adibidetzat; izan ere, Urdangarinen iritziz, lasaiagoak izaten dira, eta herritarrei ez die egunerokoa mugatzen. «Larunbateko masifikazioa arazo bat da», adierazi zuen. Datu bat emate aldera, Lertxundik autobus kopurua nabarmendu zuen: aurreko asteburuan 80 egon ziren Hernanin.

TURISMO EREDUA

Kopuruaz gain, ereduari erreparatu behar zaio, Lertxundiren ustez: «Zertara datoz sagardotegia aitzakiatzat erabilita? Horren inguruan egin behar da hausnarketa; albo kalteak hortik datoz. Datozen bisitari askok nola ulertzen dute sagardoaren kultura? Ariketa bat egin behar da, bai herritarren onurarako, bai sektorearen onurarako, eta batez ere, hau dena oreka batean jarri eta denak aurrera jarrai dezan».

Lertxundiren aburuz, ez da sagardotegien inguruan gertatzen den arazoa bakarrik, «turismo eredu masifikatu baten ondorioa da; horrek eragiten du bertakoak kanpora botatzea».

SEKTORE AKTIBOA

Sagardogileen sektorea proposatutako mahaian egotea ezinbestekoa dela erantzun zien Lakuak, eta Urdangarinek azpimarratu zuen udalerri bakoitzak bere egunerokoan «sektorearekin elkarlanean aritzeko foroak» badituela, baina beraien eskakizuna eskualdeaz gaindiko instituzio publikoei zuzendua zela.

«Iruditzen zaigu lehendabizi administrazio publikoen artean hitz egin behar dugula. Eredu kontu bat ere badagoelako; turismo ereduarekin ere antzeko zerbait gertatzen da, masifikazio asko dauzkagu Euskal Herrian. Gogoeta hori egin beharra dugula iruditzen zaigu, eta gogoeta horretatik abiatuta betekizun batzuk edo baldintza batzuk planteatu behar dira. Sektorea ahalegin handia egiten ari da, oso sektore aktiboa da, baina larunbatarekin zer egin pentsatu behar dugu; bide beretik ez dago jarraitzerik», hausnartu zuen Urdangarinek.