GARA
IRUÑEA

Bakegileei babesa helarazi diete azken ostiralean

Luhusoko armagabetzearen harira Parisen egingo den epaiketa salatu zuten Sarek eta Etxeratek martxoko azken ostiralean.

Béatrice Molle-Haran eta “Txetx” Etxeberri.
Béatrice Molle-Haran eta “Txetx” Etxeberri. (Patxi BELTZAIZ)

Martxoko azken ostirala izanik, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko aldarria Euskal Herriko plazetara eraman zuten Sarek eta Etxeratek. Oraingoan aipamen berezia egin zioten apirilaren 2 eta 3an Beatrice Molle-Haran eta Jean Noël “Txetx” Etxeberriren aurka Parisen iraganen den epaiketari.

2016an Luhusoko armagabetzearen harira auzipetutako bi bakegileak errugabetzeko eskatu zuten Sarek eta Etxeratek beren mobilizazioetan. «Euskal Herriak denbora luzeegian ezagutu duen konfrontazio egoera baten ondorioei aterabidea eman eta konponbide eta elkarbizitzarako borondate keinu bat bezala ulertuko litzateke», nabarmendu zuten.

Hala, apirilaren 3an epaiketa hau salatzeko Euskal Herriko zazpi hiriburuetan eginen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuten.

Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean eguerdian izango dira protestak, udaletxeen aurrean. Baionan, Donibane Garazin eta Maulen, aldiz, arratsaldeko 19.00etan izango dira hitzorduak, herriko etxeen atarian baita ere.

ANAIZ FUNOSAS

Epaiketaren atarian NAIZ Irratian izan zen Bake Bideako ordezkari Anaiz Funosasek «Fiskaltza antiterroristaren tematzea» kritikatu zuen, eta absoluzioa nahi dutela nabarmendu zuen, Euskal Herrian eta bereziki Lapurdin, Baxenafarroan eta Xiberoan elkarbizitza eta ziklo politiko berri baten alde eratu den «bateratasuna» aldarrikatuz.

Hain zuzen, ordura arte frantziar eta espainiar Gobernuek euren gain hartu nahi ez zuten ETAren armen kudeaketa «arriskatze politiko kolektibo bat» izan zela uste du Funosasek, «helduleku bat», ostera, «presoen gaia, elkarbizitza eta gatazka politikoaren muinera heltzeko». Hala, mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuen Bake Bideko ordezkariak.