Maite UBIRIA
BAIONA

«Aitzinera egiteko iparrorratz» izango den Herri Bidea aurkeztu du Bagirak

Besteak beste, dantzaz ospatu zuten Aberri Eguna Uztaritzen.
Besteak beste, dantzaz ospatu zuten Aberri Eguna Uztaritzen. (Guillaume FAUVEAU)

Aberri Egunaren egitarauari hasiera emanez, Uztaritzeko Lapurdi gelan antolaturiko mintzaldian aurkeztu zuen Bagirak “Herri Bidea”, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen bide-orria.

Dokumentu hori plazaratzeko orduan, lehenengo oharra egin zuen 2022ko abenduaren 14an Bidarrain bere ibilbideari ekin zion dinamikak. Hala, aurreratu zuen agiri hori ez dela «ez jendarte proiektua, ez programa politikoa, ez mugimendu abertzalearen aldarrikapen dekalogoa ere», bide-orri hori «mugimendu gisa ondoko hamarkadetan aitzinatzen segitzeko aukera ematen duen iparrorratza» dela argituz.

“Herri Bidea” agiriak lau atal nagusi ditu. Hala, Ipar Euskal Herriak bizi duen abagune politikoaren eta mugimendu abertzalearen azterketa batetik abiatzen da, ondoren XXI. mendeko abertzaletasunaren oinarrien eguneraketa prozesua jorratzeko.

Aurrerago, «ondoko hamarkadako erronka nagusiak» eta «partekaturiko helburuak» deskribatzen ditu, finean, azken urteotan garapen azkarra izan duen mugimenduaren antolaketa hobetzeko hainbat proposamena luzatuz.

ERRONKA GLOBAL ETA TOKIKOAK

Dagoeneko pertsonen bizitzak ez direla «lanaren eta zutabe egonkor batzuen gainean eraikiak» iradoki zuen Bagirak, egoera globaletik tokiko erronketara jauzi egiten duen gogoetaren barnean.

«Nortasunak mugikorrak» diren munduan, indibidualismoak izan duen bultzadak zer pentsa ematen dio. Horren aurrean, «herritarrei kontrol demokratikoa itzuliko liekeen jendarte eredu aurrerakoia» irudikatu zuen Bagirak.

Egonkortasun faltak sortzen duen egoera gatazkatsu horretan burujabetza politikoak baleko erantzunak ekartzen dituelakoan, arreta berezia eskaini zion “Herri Bidea”-k Ipar Euskal Herriko erakundetze prozesuari.

2017an, Euskal Elkargoaren sorrerak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako biztanleen artean «lurralde komun bateko kide izatearen sentimendua indartzea ahalbidetu zuela» aitortu zuen Bagirak.

Izan ere, erakundeari buruzko pertzepzio baikorra izanik ere, eskumen urriak dituenez, «haren mugen kontzientzia ere» hedatuz joan dela baieztatu zuen Bagirak.

ERAKUNDE BILAKAERA

Mugimendu abertzaleak aldarrikatu zuen «Euskal Hirigune Elkargoa baino burujabetza maila handiagoko instituzio bat lortzeko dinamika berri bat bultzatzea duela helburu». Adostasun zabalena biltzen duen aukera izanik, Euskal Hirigune Elkargotik Estatus Bereziko Lurralde Kolektibitate batera igarotzeko proposamena sustatuko du Bagirak.

Gainera, Ipar Euskal Herriak autonomia estatutu bat ukan dezan lan eginen du mugimenduak, betiere «Euskal Herri osorako» urrats instituzionalak bultzatuz.

«Sei hamarkadatako borroka bizien ondotik, mugimendu abertzalea hegemonia kulturala irabazten ari dela» aldarrikatu zuen, itxaropentsu, Bagirak. Horren adierazle diren EH Bairen hauteskundeetako emaitzak goraipatu zituen. «Gehiengo politiko eta soziala izatetik urrun dela» onartuta ere, «mugimendu abertzalea lurraldeko indar motorra bilakatu dela» ondorioztatu zuen.

Edonola ere, ondoko hamarkadatan izanen duen «eginkizun historikoari» so eginez, «mugimendu abertzaleak eskalaz aldatu behar duela» defendatu zuen Bagirak.

Abertzaletasunaren oinarri historikoak aintzat harturik, «ortzi-muga herriari boterea itzultzea dela» idatzita utzi du Bagirak bere bide-orrian.

Ildo beretik, Euskal Herriak «burujabetza politiko mailarik altuena» bereganatu dezan, «tresna instituzionalak eskaintzea» ezinbestekoa dela nabarmendu zuen.

«Nazio-estatuaren ereduak mugak erakusten baditu ere, munduko ordenaren egungo egoeran, herrien burujabetza politiko maila altuena oraindik ere estatu independente baten bitartez lortzen dela» oroitarazi zuen Uztaritzen aurkezturiko agirian.

Abertzaletasuna «errotik errepublikanoa dela» adierazi ondoren, «bai antolatzeko era gisa, baita bere helburuetara iristeko bitarteko gisa ere», demokraziari dion atxikimendua jaso du bide-orriak.

Horrela, «ariketa demokratikoa eta herri galdeketa» tresna gisara defendatu zituen.

Oinarri ideologiko garaikideak definitzeko orduan, ekosozialismoaren eta feminismoaren proposamenen alde egiten zuen, aldi oro azpimarratuz «mugimendu abertzalearen helburua ez dela dagoena kudeatzea, hori eraldatzea baizik».

HAMARKADAKO ERRONKA

nagusiak aletu ditu Bagirak plazaratutako bide-orrian. Horietako batzuk soilik aipatzearren, euskarari dagokionez, adierazi zuen «ondoko 25 urteetan biztanleriaren %30 euskal hiztun oso bilakatzea dela» helburua, betiere ofizialtasuna helburu nagusitzat hartuz.

Bestalde, etxebizitzaren alorrean, fiskalitatea eta hiri plangintzaren eskutik politika eraginkorrak aldarrikatu dituen txostenak proposatu zuen «Ipar Euskal Herria esperimentazio-lurralde gisa izendatu eta dispositibo berritzaileak bertan plantan ematea».