Jon GARMENDIA
Idazlea

Amiñi bat

Apiril arraina da gaur iparraldean, poisson d’avril, inuzente eguna, azken urteotan indartzen ari den txantxa. Iduriz, Charles IX Frantziako Erregearen garaian sortua, XVI. mendean. Apirilean hasten baitzen urtea orduraino, udaberriko koloreekin batera. Mediciko Katalinaren seme honek, tuberkulosiarekin gazterik hil aitzin, egutegiari urtarrilaren lehena ezarri zion urteko lehen egun, eta garizuma ondoko apirileko lehena adarjotzerako gelditu zen. Auskalo hala den. Kontua da animaliak sufriaraziz gozatzen zuen Errege honek, inguruotako antzara joko eta beste antolatu zituenak, bi urteko bidaia egin zuela Euskal Herrian zehar, bai ipar eta bai hego, konkistatutako herriari beha, plazer hartzeko seguruenik, eta tartean euskal nesken dantza egiteko moduarekin harritu samar gelditu zela, bere kronikariak idatzi zuen bezala. Ile motzez ezkongabeak, zintzarri-hotsen melodiaren xarmaren pean, dantzan. Ondotik etorritako erreketek begirada horren karietara dute amiñi bat. Seguru.

Ez diot sinpatia handiegirik Errege horri, eta zulatzen saiatzen naiz bere ondare gisa oraino «tradizio» abizenarekin ospatzen diren zaldi gaineko tropeliak. Arrotzen basakeriei oles egiten dien herriak ez du euskal izenik merezi. Abenduaren 28an da inuzente eguna hegoaldean, apirilaren 1ean iparraldean, hor ere, Aberri Egunean bezala, zatituak agertzen gara, bakoitza bere aldetik, inuzentearena egiten bageunde bezala.