Jon GARMENDIA
LITERATURA AZOKA

Idazleen Biltzarraren edizio arrakastatsua Saran

Azken urteotako Pazkoko astelehenak Idazleen Biltzarraren kolorea dauka Saran, eta atzo eguzkia esnatzearekin batera ireki zituzten 41. edizioko ateak Lapurdiko herri ttipi eta eder horretan. Jendea harat-honaka, goiztiar, jaiegunen karietara mugako alde batekoak eta bestekoak, jendetza azkenerako, beraz arrakastatsua zentzu horretarik.

Bisitariak, atzo, Sarako idazleen biltzarrean.
Bisitariak, atzo, Sarako idazleen biltzarrean. (Guillaume FAUVEAU)

Lehen aldiz 1984an egin zen, eta ordutik hona pausarik gabe azoka garrantzitsu bat bilakatu da, ez soilik liburuen arloan, irakurketa musikatuak eta kontzertuek ere gero eta presentzia gehiago baitute, baita mahai inguruek ere. Atzo, erabilera anitzeko luzatze gelan Euskal Herriko sorkuntza editorialaren egoera aztertu zuten, adibidez, Anne Laure Garicoix eta Maxime Morel artista eta idazleek, François Verdet fanzine sortzaileak, Edith Mercier “L’Esprit Tranquille” aldizkariaren zuzendariak, Christelle Dierickx “5ème art” liburudendaren zuzendariak, Julie Mugica eta Gloria Pedemonte sortzaileek, eta Usue Arrieta artistak.

Argitaletxe, idazle eta elkarteen artean 76 stand zeuden, eta ikusleak eta erosleak ehunka. Hala zebilen Marinelen omonierra den Mikel Epaltza: «Jendea ikusi eta lagun zaharrekin elkartzera etortzen naiz, noizbehinka liburu interesgarri bat erortzen zait eskuen artera. Euskaldunak zozotzat hartzen gaituenik bada oraino, baina hemen ikusten da historia, kondaira edo olerkia liburuetara eramana dela, pentsamendua lantzen dela, eta horrek euskaldun izatearen harrotasuna pizten dit. Hasieratik ezagutzen dut biltzar hau, arrantzaleen liburuak idazten bainituen. Harrezkero beti nabil hemen». Antzera zebilen Beñat Soule, aspaldidanik Saran, eta aurten bere “Neurtizlari, bertsulari Iparraldez” liburua saltzen. «15 urte luze eman nituen liburu hau osatzen, Iparraldeko bertsolari eta neurtizlariei buruzkoa da. Ikerketa sakon bat egin ondoan, hemen aurkitzen ahal dira 1490 urteko Bernat Etxeparetik Aitor Sarasua arte zirto, kantu edo idatzian ibili direnak lurralde honetan», kontatu zigun plazerez.

Aurten Amets Arzallus eta Jean Duverdier izan dira biltzar sariarekin ohoratuak. Hizkuntza anitzetara itzulia izan den “Miñan” izan zuten hendaiarraren lana goraipatzeko aitzakia, eta marrazkilari eta ilustratzailea den Duverdier, aldiz, Baionako Leon erregearen sortzaile izatea.

Maurice Isabalek “Ainhoa” liburua salgai zuen: «Jurançonen sortua naiz, Biarnon, eta 1964an iritsi nintzen Ainhoara, Ithurria familiaren jatetxera, eta sukaldearen zuzendaritza hartu nuen. Lau urte berantago ukan nuen lehen Michelin izarra, 25 urte nituela. Gerora urte anitz joan dira, nire seme Xabierrek hartu zuen sukaldea gero, eta orain nire bi biloba izango dira. Hori dena ikusita eta Euskal Herriari diodan maitasuna barne, Ainhoari buruzko memoria liburu bat egin dut».

Eneko Bidegainek mahai oso bat zeukan berak idatzi eta sortutakoekin, zein baino zein interesgarriago. «Txikia nintzela etorri nintzen lehen aldiz, gurasoen eskutik. Idazlea naizen neurrian, biltzarra lagunekin, irakurleekin eta idazleekin elkartzeko une atsegina da. Behar ditugu halako momentuak elkartzeko. Euskal literaturaren aldetik, euskara gero eta leku gutxiagorekin dago. Edo frantsesezko euskal folklore kutsuko argitalpen gero eta gehiagoren artean gaude, gero eta minorizatuago. Irudipen hori dut eta anitz komentatzen da hori. Hori horrela izanda, behar dugu espazioa okupatu, euskal literatura eta saiakeragintzan ari garenok. Euskal Herriko Idazleen Biltzar batean euskaraz ari direnek behar dute lekurik inportanteena ukan», adierazi zuen.

Asisko Urmenetak ere lan berria aurkeztu zuen: “Gora Euskal herrientsak”. Duela 100 urteko mugimenduari erreparatzen dio, fokua jarriz maistra batzuengan. «Horien buru Julen Fernandez Zabaleta eta beste 29.000 emakume antolatuak zeuden Euskal Herrian politikoki eta sozialki, beren formakuntzaren alde lanbide eta soldata duina lortzeko, eta euskararen eta Euskal Errepublikaren ideia lantzeko. Hori da Euskal herrientsak ekimenaren funtsa», erran zuen.