Yasmine KHRIS
Itzultzailea
AZKEN PUNTUA

Montpellier-Saint-Roch

Ze garestiak diren trenak!», tamalez erraten dit lagunak hilabetero, garraioa hartu behar duela penintsula erdia zeharkatzeko. Unibertsitatea-etxera-erasmus-etxera-praktikak-etxera. Eta bai, lagun, trena oso garestia da; nire diru-zorroaren ekonomia autobus friendly zen gehiago. Behin muga pasatuta, etxera itzultzeko ibilbide bera segitzen nuen, eta hiri eta herri ia guzien geltokiak buseko leihotik deskubritu nituen. Baina bat oraindik memorian gordeta dut: Montpellier-Saint-Roch. Hiri arrunteko geltokia da. Tren, tranbia eta autobuseko bidaiariak norabide guzietan igarotzen dira, inurriak bezala. Kontua da gidariak hitz berberak errezitatzen zituela mikrofonotik: «Geldialdia. 45 minutu». Eta niri eternal egiten zitzaizkidan. Irakurri, sagar bat, musika entzun, haur bat negarrez, erlojua begiratu eta bitartean iluntzen zen. Etxera berandu eta ilun, Saint-Rochen erruz. Nire anaiari ere, etxetik kanpo ikasten hasi zenean, Saint-Rocheko itxarongela ezagutzea tokatu zitzaion. Geroztik, gutako bat handik pasatzen den aldiro besteari WhatsApp bat bidaltzen dio: «Asmatu non nagoen», «Itxaroten ezta?», Saint-Roch bihurtu arte gure neurri-unitate propioa. Aste honetan, aldiz, noiz elkartuko ginen galdetu zidanean, nahi izan nion erantzun «Saint-Roch bat, bakarrik».