Hannah Arendt Jerusalemen
Sonatua da Hannah Arendt filosofoak “Eichmann Jerusalemenen” liburuan jasotako «gaizkiaren hutsaltasuna» edo banalizazio terminoa. Sonatua eta gaurkotasun handikoa. Jasotzen ditugun agindu izugarriak itsu-itsu betetzen ditugunean, eraso horien izaera eta ondorioak kontuan hartzen ez ditugunean, gizakiak errukirik gabe de-humanizatzen ditugunean, gizartearen zati zabal batek deskonexio morala egunerokoan bihurtzen duenean... hilketa indibidualizatuak, hilketa masiboak, garbiketa etnikoa, sarraskiaren ankerkeriak ezinbestean sortzen ditugula adierazi zigun Arendtek. «Gaizkiaren hutsaltasunak» edozein infernu mota, edonolako «muturreko gaitza» egiten du posible. Bere hitzetan «krimenen krimena».
Hannah Arendtek bere “Idatzi Juduak / Escritos judíos” (Paidós 2009) bilduman baditu ausardia handiko hainbat hausnarketa interesgarri. Judu, israeldar edo sionista kontzeptuak nahasten ditugun honetan, argigarriak iruditzen zaizkit filosofo alemaniarrak utzitako zehaztapenak. Hona hemen horietako bat: «Ez naiz inolako talde sionistako partaidea. Baina Hitlerrek eraginda, sionismoaren alde egin nuen iraganean, 1943garren urte arte. Nazismoaren aurrean defendatzeko modu bakarra judu gisa egin nezakeela uste nuen, ez gizaki gisa. Judu gisa erasotzen bagintuzten, judu gisa babestu behar ginen. Ezin genuen esan ‘Barkatu, ez naiz judua, gizaki bat naiz’». Ondoren, bera izan zen nazismoaren hilketak humanitatearen aurkakoak zirela azpimarratu zuen intelektualetako bat. Holokaustoa. Gaizkiaren hutsaltasuna.
Era berean, nahiko ezaguna da Eichmann nazi kriminalaren epaiketan, “The New Yorker” aldizkarian idatzitako iritzi artikuluetan Arendt sionismoaren helduleku, pareta edo zorutik nabarmen aldendu zela. Besteak beste, doluaren jabegoa ez zela juduena soilik adierazi zuenean, ustez adiskide zirenek, traidore izendatu zuten.
Guztiok dakigu, azken hamarkada luze, beltz eta ilun hauetan, Israelgo Estatua gizateriaren aurkako krimen amaigabea burutzen ari dela Palestinan. Ezezagunagoa da aldiz, Eichmannen epaiketa famatuaz bere iritzi artikuluak idatzi aurretik, Hannah Arendtek nola epelkeriarik gabe kritikatu zituen sionismoak Palestinan eragindako hainbat bidegabekeria. Bi dira terrorismo sionistak 1948garren urtean Hannah Arendtek kritikoki gaitzetsi eta salatutakoak; biak Lehi talde paramilitar sionistak burututako hilketa terroristak izan ziren: bata, Folke Bernardotte diplomatiko suediarraren hilketaren ingurukoa da eta, bestea, Jerusalemetik gertu dagoen Deir Yassineko palestinarren aurkako masakrearen ingurukoa.
Adierazi bezala, Lehi talde paramilitar ultraeskuindarrak, Folke Bernardotte diplomatiko suediarra Jerusalemen tiroz hil zuen. Nazio Batuen Erakundeak juduen eta palestinarren arteko gatazkaren konponbide politikoa lortzeko proposamena eskatu zion Bernardotte bitartekariari. Bera izan zen, NBEren izenean, Palestina estatu izateko eskubidea duela aldarrikatuz idatzizko proposamena aurkeztu zuen bake gizona. Isaac Shamirrek, garai hartan Lehi erakunde paramilitar honetako buru zenak eta, beranduago, Israelgo Lehen Ministro izatera iritsi zenak, diplomatiko suediarraren aurkako atentatua hauspotu zuen. Bi estatuen bake proposamena parteei aurkeztu ondoren, sionistek biharamunean erail zuten diplomatikoa. Arendten hitzetan, gizatasuna ukatzen diegunei eskubideak izateko eskubidea kentzen diegu. Ez bake, ez konponbide, ez eskubide, ez lur eta ez etorkizunik palestinarrentzat. Paradoxikoa bada ere, Bernardottek Bigarren Mundu Gerran sekulako eginahal diplomatiko arriskutsua burutu ondoren, naziek atxilotutako 31.000 preso eskandinaviar salbatu zituen, horietako asko eta asko juduak. Sionismoak Bernardotte bakegileari tirokatuz eskertu zion milaka gizaki anikilaziotik salbatzeko trebezia. Gaizkiaren hutsaltasuna. Hannah Arendt ez zen isilik gelditu.
Bestalde, 1948ko apirilaren 9an bertan Deir Yassineko masakrea burutu zuten Lehi eta Irgun talde paramilitar sionistek, orduan ere bertako biztanleria palestinarraren aurka. Orduan ere, ehunka zibil hildako. Orduan ere, bortizki erasotako zibilak. Gaur egun Deir Yassin auzo palestinarra kolonoen Har Nof auzo israeldarra da. Gaizkiaren hutsaltasuna.
Bi gertakari izugarri hauek Hannah Arendten gaitzespen irmoa ekarri zuten. Beste 27 intelektual juduk sinatuta, Albert Einstein tarteko, 1948ko abenduaren 4an protesta-gutuna argitaratu zuten “The New York Times” egunkarian. Adierazpen hartan talde sionistek burututako ankerkeriak agerian utzi nahi izan zituzten. Menahem Beginek AEBen erabateko babes bila egin zuen bisita politikoa hilketen salaketa plazaratzeko momentu bihurtu zuten artikuluaren sinatzaileek: «Talde terroristek lurralde baketsu hau eraso zuten eta bertako bizilagun gehienak erail zituzten −240 bat gizon, emakume, haur, heldu...-. Menahem Begin beraren eta bere alderdi politikoaren adierazpenek, nahiz historikoki Palestinan gertatutakoek, ez dute ohiko alderdi politiko baten arrastorik. Alderdi faxista baten zigilu nahasezina du, zeinentzat judu, arabiar edo britaniarren aurkako terrorismoa, hedabideen manipulazioa eta Führer bati dagokion Estatua, haien helburuak diren». Begin sionistaren Heirut taldea, aurrerago, Likud alderdia bihurtu zen; zorigaitzeko Ariel Sharon eta Benjamin Netanyahuren NSDAP eraberrituan, akaso? Gaizkiaren hutsaltasuna.
«Gaizkiaren hutsalkeriak» nori leporatu? Sionismoari egiten zaion kritika oro antisemitatzat jotzen den garai hauetan, beharrezkoak dira Arendt bezalako ahotsak berreskuratzea.
Kritika historiaren kontzientzia zela esaten zuen Walter Benjaminek. Ez zebilen oker. Hannah Arendt judua palestinarren heriotza bidegabe eta bortitzekiko sentibera izan zen, oinaze ororekiko sentibera. Haren esaldi bat amaitzeko: «Gaizkirik handiena, minik sakonena, pertsona izateko aukera baztertu dutenek sortzen dute». Gaizkiaren hutsaltasuna.