GARA
BILBO

Otegi: «EAJ Enekoren furgonetan doa, eta kapotan, Feijoo»

Pello Otxandiano EH Bilduko hautagaia eta Arkaitz Rodriguez, atzo Andoainen.
Pello Otxandiano EH Bilduko hautagaia eta Arkaitz Rodriguez, atzo Andoainen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Kanpainako lehen asteburua igarota, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia alderdiek mahai gainean jarritako zenbait gairi buruz jardun zen atzo Onda Vascan; apirilaren 21aren ostean izan daitezkeen aliantzak ere izan zituen hizpide. Horren harira esan zuenez, «bi eredu daude, EAJrena eta EH Bildurena», baina eredu jelkideak badu alde bat: «Enekoren furgonetan doa, eta kapotan, ziurrenik, Feijoo doa». Eneko Andueza PSEko hautagaia kanpaina egiteko baliatzen ari den “Enekoneta”-ri buruz ari zen.

«Andueza egia esatera animatuko nuke: zenbakiek ematen badute Pradales lehendakari egingo duela. Eta ematen ez badute, hor dago Feijoo», iragarri zuen Otegik.

Horren aurrean, azpimarratu zuen «boto abertzalea izugarria» izango dela legebiltzar horretan. «Eta horrek ondorioren bat izan beharko luke. Ezkerreko gehiengoa ere egongo da. Niri gustatuko litzaidake akordio transbertsalak egotea. Garrantzitsuena izango litzateke herriaren aginduari erantzuteko asmoa duen gobernu bat izatea», adierazi zuen.

Kanpainaren garapenari dagokionez, Pello Otxandianorekin batera mitinetan buru-belarri inplikatzen ari den EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren ustez, «herriak debate zorrotza behar du, maila handiko debatea. Politika egiteko modu espainola ez litzateke inportatu behar; azken finean, apirilaren 22an hitz egin beharko dugu».

Onda Vascari eskainitako elkarrizketan, Arnaldo Otegik kanpainako bi gai nagusi aztertu zituen. Osakidetzaren inguruan hau esan zuen: «EAJk eta PSEk orain esaten dute altxatu egin behar dela. Zergatik ez dute gehiago egin gobernuan egon direnean?».

Etxebizitzari buruz, berriz, honela mintzatu zen: «Europako emantzipazio-tasarik txikienetakoa dugu. Etxebizitza-eskubideak eskubidea izan behar du, eta ez pribilegioa. Hau ezin da merkatuaren esku utzi, herrialde honek onartu ezin duen abentura bat da. Arazo hori konpontzeko bidean jarriko duten politika publikoak egin behar dira».

KULTURA POLITIKEN «ASTINDUA»

Bestalde, atzo Errenterian eginiko ekitaldian esan zuten Lakuako Gobernuak «duela hamarkada bateko kultur politika» egiten jarraitzen duela, «berritasunik gabe, apustu estrategikorik gabe». Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak kultura politikak irauli behar dela esan zuen.

«Kultura politikak astindua behar du, euskal kulturan eta sortzaileen artean dauden heldutasuna, aberastasuna eta maila profesionala ez datozelako bat instituzioetan egiten den politika eskasarekin».

Artistaren, Sortzailearen eta Kultur Langilearen Euskal Estatutua garatzeko konpromisoa adierazi zuen. Horrek «ditugun lanabesak eta eskumenak ahalik eta gehien zukutzea ahalbidetuko luke, oinarriko kultura adierazpenak indartzeko eta defendatzeko, horiek direlako ekosistema kulturalaren oinarria, eta ez termino monetarioetan soilik neurtzen diren megaproiektuak eta makroekitaldiak».