GARA
PASAIA

Euskararen aurkako beste bi epai salatzeko elkarretaratzea, Pasaian

Pasaiako Udaleko kale garbitzaileen lanpostuak egonkortzeko deialdian gutxieneko euskara mailaren eskakizuna baliogabetzeko bi epai eman berri dituzte auzitegiek. Hauteskunde kanpaina betean, Kontseiluak atzo alderdi politikoei eskatu zien euskararen normalizazio eta biziberritzea agendetako lehen lerrora ekar dezatela. Pasaiako euskalgintzak eta Kontseiluak elkarretaratzera deitu zuten biharko, 18.30ean, Pasai Antxoko Biteri plazan. Halaber, gaur bertan, Udaleko langile batzordeak ere elkarretaratzea egingo du 13.00etan, Pasai Donibaneko udaletxearen aurrean.

Kontseiluak adierazi zuenez, Donostian Administrazioarekiko Auzien 2. eta 3. zenbakiko epaitegiek Pasaiako Udalak 2023an kale-garbitzaileen lanpostuak egonkortzeko egindako deialdian gutxieneko euskara mailaren eskakizuna baliogabetzeko bi epai eman dituzte. Deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren arabera, lanpostuak betetzeko beste zenbait eskakizunen artean, euskarazko 1. hizkuntza eskakizuna (B1 maila) jarri zitzaien hamabost lanposturi 2021ean. Epai hauen arabera, diskriminatzailea da euskararen gutxieneko eskakizun hori, argudiatzen baita lanpostu publikoetara baldintza beretan iristeko oinarrizko eskubidea urratzen dela.

LABek ere protestekin bat egin zuen, eta honela baietsi zuen: «Egitura juridiko-politiko guztia eraikita dago euskararen normalizazio osoa ekidin eta euskaldunok euskaraz eroso bizi ahal izatea ezinezko egiteko».