GARA
GASTEIZ

PPk «eskakizun linguistiko eta ideologikoei» egotzi die Osakidetzaren «narriadura»

PPko kideak, Santiago ospitalearen atarian.
PPko kideak, Santiago ospitalearen atarian. (EUROPA PRESS)

Javier de Andres PPko lehendakarigaiak osasun publikoaren egungo «narriadura» EAJk Osakidetzari ezarri dion «politizazio maila muturrari» zor zaio, eta osasun arloko profesionalen plazak sendotzearen alde egin du, «lanean egonkortasunez sartzea eragozten dieten hizkuntza eta ideologia eskakizunik gabe, eta lanbide kualifikazioa identitate gaien gainetik baloratuta».

Gasteizko Santiago ospitalearen aurrean egindako ekitaldian, Laura Garrido alderdiko Osasun idazkariorde eta apirilaren 21eko hauteskundeetan Arabako bigarrena izan zenak lagunduta, De Andresek kritikatu zuenez, «EAJk dio ez dagoela arazorik euskal osasunarekin, Espainiako osasun onena izaten jarraitzen duela eta dena primeran doala».

PPren ustez, «Osakidetzaren arazoa EAJ da»; izan ere, «ezin da esan osasunarekin ez dela ezer gertatu eta dena primeran dagoela, Arabako Unibertsitate Ospitalea Espainiako 18. postutik 84. tokira igaro denean». PPko hautagaiak Gasteizen adierazi zuen euskal osasuna «askoz okerragoa» dela, eta «denok dakigu, EAJk izan ezik».