Urtzi URRUTIKOETXEA
ABORTU ESKUBIDEAREN MURRIZKETA AMERIKETAKO ESTATU BATUETAN

Arizonako epaileek XIX. mendeko lege batekin debekatu dute abortua

Ameriketako Estatu Batuetako abortu legerik gogorrenetakoa indarrean sartu berri da Arizonan, estatu horretako Auzitegi Gorenak 1864ko lege bat indarrean dagoela ebatzi ostean. Mende eta erdi baino gehiagoko arau horrek bi urteko kartzela zigorra ezartzen du haurdunaldia eteteagatik, amaren bizia arriskuan dagoenean izan ezik.

(Sandy HUFFAKER | AFP)

Arizonako estatua ez zen 1884. urtean existitzen. AEBetako mendebaldeko lurralde hori ez zen ia mende erdiz estatu gisa eratu, 1912an hain zuzen ere. Hala ere, bazeukan arau eta legerik estatu izan ez arren, eta horien artean, abortuaren debekua zegoen. 1973an Roe vs Wade ebazpena eman zuenean Washingtonen Auzitegi Gorenak, abortua debekatzen zuten legediak indarrik gabe geratu ziren, Arizonakoa tartean. Duela ia bi urte, alabaina, Donald Trumpen agintaldian izendatutako epaile kontserbadoreen gehiengoari esker, Roe atzera bota zuen Dobbs epaiak. Ordutik aborturako eskubide konstituzionala desagertu da, eta estatu bakoitzak arautzen du bere lurraldean zer gertatzen den.

Estatu eskuindar askok abortuaren aurkako neurriak hartu dituzte, eta batzuetan jadanik hartuta zeudenak -baina Roeri esker erabili ezin zirenak- berriz indarrean sartu dira. Neurririk gogorrenak Estatu Batuetako hegoaldean, Eliza kristau integristek indar berezia duten zurien lurraldeetan eta, oro har, estatu eskuindarrenetan hartu dira. Baina Arizona, Nevada eta Kaliforniako mugan, oso desberdina da leku horietatik. Asteartean, aldeko lau boto eta aurkako birekin, estatuko Auzitegi Gorenak 1864ko neurria indarrean sartzeko modukoa zela ebatzi zuten, dagoeneko ez dagoelako konstituzioan hura baliogabetzen duen klausularik.

ALLIANCE DEFENDING FREEDOM (ASKATASUNA DEFENDATZEKO ALIANTZA) TALDEAK,

eskuin kristau integristako zenbait erakunde biltzen dituen elkarteak, Auzitegi Gorenaren erabakia txalotu du, «jaio gabeko haur errugabeen bizia» babesten duela argudiatuta. Herritar gehienak, errepublikano asko tartean, zur eta lur daude. Donald Trumpek ere kritikatu du gertatutakoa. Berak izendatutako epaileek ahalbidetu dute hau jazotzea, baina badaki azaroan Etxe Zurira itzultzeko daukan oztopo nagusietakoa abortuarekiko izan duen jarrera dela. Emakumeen botoa berebizikoa izan zen 2022an demokratentzat, eta Joe Bidenek badaki aktibatu beharreko botoa dela presidente jarraitzeko.

Demokraten eta errepublikanoen arteko jokaleku garrantzitsuenetakoa da; aurtengo azaroko hauteskundeetan, esaterako, lehia berezia izan den estatuetako bat da. Kari Lake, trumpista sutsu bihurtutako politikaria, Arizonako legearen alde agertu zen duela bi urte Senaturako lehian zela, eta gainerako estatuentzat eredua zela esatera iritsi zen.

Orain, hauteskunde hura galduta eta bere nagusiak ere ontzia jirarazi behar duela ikusita, Auzitegi Gorena kritikatu du, hartu beharreko neurriak arizonarrek onar dezaketenarekin bat etorri behar duela erabakita.

Abortu eskubidearen aldeko ekintzaileek aurkitu duten bide garrantzitsuena herritarrei hitza ematea izan da. Abortuaz zuzenean galdetutakoan, eskubide hori bermatu dute estatu progresistetan zein kontserbadoreetan. Arizonan azaroko hauteskundeetan presidentea eta Kongresuko ordezkariak hautatzeaz gain, abortuari buruzko galdeketa ere egingo dute. Floridan, Marylanden eta New Yorken abortu eskubideari buruzko erreferenduma izango da, eta hala egitea espero dute beste zazpi estatutako ekintzaileek ere; uneotan, beharrezko sinadurak biltzen ari dira.

Arizonako ebazpena, Trumpek bideo bidez abortuari buruz duen ikuspegia azaldu eta biharamunean dator. Adierazpena berariaz bilatutako lausotasunez beteta zegoen, gaiari buruz errepublikanoek behar duten anbiguotasunaren seinale: alderdiaren oinarri nagusietako bat, muturreko kristauak, haserrearazi ezin eta, era berean, datu guztiek adierazten dutenera hurbiltzea, boto-emaile arrunta ez uxatzeko: estatubatuar gehienak abortu eskubidearen alde daude.

Titular gehienetara eraman den esaldia da «estatu bakoitzak arautzea» bultzatu duela, hau da, estatu kontserbadoreetan debekatzea eta progresistetan legezkoa izatea. Egia da Trump ez dela inoiz oso erlijiosoa izan, eta 1999an abortu eskubidearen aldekoa zela ere esan zuen. 2011tik aurrera, gune kontserbadoreetan onar zezaten egokituz joan zen mezua, 2016an abortatzen zuen emakumeak nolabaiteko zigorra merezi zuela adierazteko («eta haurdun utzi duen gizonak?», galdetu zion kazetariak. «Ez», erantzun zuen Trumpek). Asteleheneko mezuan esandako gezurren artean, haurrak «jaio ostean exekutatu» nahi izatea egotzi zien zien demokratei.