Artolak argi menderatu du Ezkurdia bien joerak berretsi dituen neurketan
Alegiarrak merezita eskuratu du lehen puntua final-laurdenetako ligaxkan. Azken asteetako maila onari jarraipena emanez menderatu du berriz ere konfiantzarik gabe jokatu duen arbizuarra. Astelenak sortzen zizkion kezkak ere uxatu ditu Artolak.
Iñaki Artolak erakustaldi aparta emanda menderatu zuen Joseba Ezkurdia Eibarko Astelena pilotalekuan. Alegiarrak azkenaldian erakutsi duen sasoi puntu bikainari jarraipena eman zion Buruz Buruko ligaxkaren lehen jardunaldian, eta Ezkurdiak, aldiz, konfiantzaz ahul dabilela erakutsi zuen beste behin. Bi joera horien baturaren emaitza 10-22ko argi bat izan zen.
Pilotari bakoitzaren egoerak ere izan dezake zerikusia konfiantza maila desberdin horretan. Artolak zazpi egun lehenago egin zuen bere debuta lehiaketan. Aurreneko partidak sortzen dituen urduritasun eta zalantzak han utzi zituen, eta atzo oso zentratuta jokatu zuen hasiera-hasieratik. Ezkurdiak atzokoa zuen estreinaldia aurtengo lehiaketan eta presaka antzean ibili zen, arnasa pittin bat hartu eta ongi kokatu ezinik bezala.
Arbizukoa 2-1 aurreratu zen markagailuan bikain gurutzatutako pilotakada batekin, baina hurrengo sakea luzeegi atera zuen eta hortxe iritsi zen Artolaren lehen takada. Bost tanto jarraian eginda 2-6 irauli zuen emaitza eta, garrantzitsuagoa, Ezkurdiari lehen zalantzak sortu zizkion.
Hala ere, partida ez zen lehen erdi horretan hautsi. Distira handirik gabe izan arren, eta hein batean aurreko jokoari uko eginda, tanto batzuk zuzen jokatzea nahikoa izan zuen Ezkurdiak neurketan sartuta jarraitzeko. Artolak markagailuan agintzen jarraitu zuen, 7-13 ere aurreratu zen hiruzpalau erremate ikusgarri sinatuz, baina sakez egindako tanto batekin 10-13ra gerturatu zen Ezkurdia.
ASTELENARI NEURRIA
Baina hortxe amaitu ziren Ezkurdiaren aukerak. Ez zuen tanto bakar bat ere gehiago egin. Kanpora zihoalakoan pasatzen utzi eta nabarmen barruan botea egin zuen pilota batek eman zion 10-14koa Artolari, zuzenean 22ra eraman zuen partzialari hasiera emanez.
Ikustekoak izan ziren alegiarraren pilotakadak, bai botera, bai sotamanoz, eta sakearekin asko asmatu zuen, pilota ezker horman bikain gurutzatuz. Errematera aurreratu zenean ere ez zuen hutsik egin gipuzkoarrak, Astelena pilotalekuak sortzen zizkion kezkak ere uxatuz -Binakako Txapelketan finalerdietako partida erabakigarria bertan galdu zuenean pilotalekuari nolabait neurria hartu beharra zeukala esan zuen-.
«Oso gustura amaitu dut gaur. Kolpez fresko ikusi naiz, pilota bizi atera zait eskutik, eta galdu edo irabazi frontoian horrela gozatzea gauza ederra da», onartu zuen Artolak partida amaieran. «Frontoi honetan jokatzea kosta egin izan zait beti, horma irristagarriak dituelako, baina banekien, besteek niri min egin izan didaten bezala, egun ona edukiz gero nik ere min egin niezaiekeela besteei, eta gaur horrela izan da», gehitu zuen.
Ezkurdiak, bestetik, ez zuen aitzakiarik jarri. «Hasieran opari batzuk egin dizkiot eta konfiantza galdu dut. Zaila izaten da horri buelta ematea, baina lortzen ari nintzen. 10-13 jarri naiz, baina zalantzazko pilota bat pasatzen utzi dut, inoiz egin behar ez dena, eta hortik aurrera berak asko jokatu du. Bigarren erdi horretan ezin izan dut ezer egin».
Artolak Elordiren kontra jokatuko du ostiralean Azkoitian eta Ezkurdiak, Zabalaren kontra, larunbatean Labriten.