Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Erlaitzeko errepidea itxiko dute zenbait astez, ibilbide alternatiboak probatzeko

Hendaia eta Ziburu artean itsaslabarren ondotik igarotzen den RD-912 errepidea itxita izanen da heldu den maiatzaren 21etik ekainaren 7ra. Kostaldeko higadurak bete-betean jotzen duen azpiegitura horren geroari buruz erabakiak hartu aitzin, bere itxierak eskualdeko mugikortasunean izanen lituzkeen ondorioak neurtu nahi dituzte.

Itsalabarretik gertu diren bideak ixteko erabakia hartu ondoren, errepidean behin-behineko zuzenketak egin dituzte.
Itsalabarretik gertu diren bideak ixteko erabakia hartu ondoren, errepidean behin-behineko zuzenketak egin dituzte. (Patxi BELTZAIZ)

Hendaia eta Ziburu artean itsaslabarren ondotik igarotzen den RD-912 errepidea maiatzaren 21etik ekainaren 7ra arte hetsia izanen da. Hala erabaki dute kostako higaduraren ondorioak bete-betean pairatzen dituen erlaitzeko eremua kudeatzeko ardura duten erakundeek.

Zenbait erakundek badute zer esana erlaitzeko bidearen etorkizunari buruz. Urteak dira adituen txostenek ohartarazten dutela kostako higadurak itsaslabarraren ondotik igarotzen diren bidexka eta errepideak kaltetzen dituela.

Halaber, euriteak ala lehorteak izan, klimaren gorabeherek gero eta gehiago hunkitzen dute bereziki zaurgarria den natura eremua.

Apirilaren 12an beste bilera bat egin zuten erlaitzeko errepidearen etorkizunaz arduratzen diren herrietako ordezkariek. Zehazki, Biriatu, Ziburu, Hendaia, Urruña eta Donibane Lohizuneko udaletako ordezkariak presente izan ziren Estatuaren, Pirinio Atlantikoko Departamenduaren, Euskal Hirigune Elkargoaren eta Mugikortasun Sindikatuaren arduradunekin batera.

Bilera horretan itxiera esperimentala plantan emateko erabakia hartu zuten.

Garaiaren arabera batez beste 9.000-16.000 auto egunero hartzen duen erlaitzeko errepide hau maiatzaren 21etik ekainaren 7ra ixtea deliberatu zuten.

Denbora tarte horretan aipaturiko ibilbidearen ordez ibilbide eta garraio alternatibak probatzeko asmoa dute aipaturiko erakundeek, hala nola A-63 autobidearen erabilera hobetsiz edota autoa partekatzeko ohitura sustatuz. Plataformen bidez antolaturiko azkeneko zerbitzu hori doakoa da erabiltzailearentzat.

Era berean, garraio publikoa indartzeko asmoa dute, TxikTxak autobus sareak zein TER aldiriko trenaren bidez SNCFk eskaintzen duten zerbitzuak indartuz.

2021ko udazkenean, itsaslabarraren egoera are zaurgarriagoa bilakatu zuen luizi handi bat gertatu zen Zokoko blokeen eremuan.

BIDEXKAK ITXITA

Geroztik hainbat neurri hartu dituzte erlaitzeko eremuaren zaindariek. Besteak beste, itsasotik gertuen dauden bideak behin betiko itxi zituzten. Era berean, errepidearen zenbait zatitan, itsasotik ahalik eta gehien aldendu nahian, errailak behin-behineko seinaleen bidez estutzera jo dute.

Bestalde, hamar urtera begirako egitasmoa landu dute errepidearen kudeaketaren gaineko eskumena duten eragileek.

Plan horrek, besteak beste, Baiona eta Hendaia arteko tren zerbitzua bikoiztea aurreikusten du. Ibilbide berean, TxikTxak autobus sareko 3. linea hobetzea izango litzakete bigarren irtenbide bat.

Horrekin batera, erlaitzeko bidea itxita izanen den bitartean, hurrenez hurren Irundik eta Ziburutik heldutako 31. eta 39. autobus lineak egokituko dituzte.

ERREPIDEAK KONPONDU

Erlaitzeko bidearen ordez inguruko herrietako lagunek baliatzen dituzten bide errepideak, hala nola Hendaia eta Urruña lotzen dituen Glaziarreko bidea hobetzeko asmoa jasotzen du planak.

Halaber, A-63 autobideko sarreran, Biriatun, hobekuntzak egitea aurreikusten dute.

Erlaitzeko bidea kudeatzen duen batzordeak gida moduko bat prestatu du bestelako ibilbide eta garraio-bideei buruz.

Edonola ere, erlaitzeko bidean bizi direnek edota inguru horretan lan jarduerak dituzten lagunek -esaterako, Juantcho kanpina- baimena izanen dute gainerako erabiltzaileentzat hetsia den errepidea beren joan-jinetan baliatzeko.

Horrekin batera, erlaitzeko bidearen itxierak eskualdeko mugikortasunean izanen dituen ondorioak aztertu ahal izateko neurketa puntuak jarriko dituzte ibilbide ezberdinetan. Itxialdia amaitzen denean, balorazioa eginen dute.

Batzordeak osatuko duen txosten horren gainean hartuko dituzte ondoko urteetarako erabakiak. Hainbat aukera agertzen dira. Epe motzera, Kostaldeari Buruzko Legea etetea eska lezake batzordeak.

Hala, higadurak ezegonkortasun arazo nabarmenak sortzen dituen eremuetan, mendialdera mugiarazi ahalko lukete D-912 errepidearen lerroa.

Horrekin batera, mehatxupean dauden eremuetan bestelako neurriak hartzea aurreikusten du adituen laguntzaz osaturiko egitasmoak. Beti ere, helburu zehatz batekin: eskualdeko erabiltzaileentzat eta kanpotik heldutako bisitarientzat zeharo erakargarria den bide ikusgarria, erlaitzeko bidea, gutxienez ondoko hamar urteetan zabalik izanen dela bermatzea.