J.O.
ADOS PILOTA

Ruiz de Infante-Galeano txapeldun, lehia luzeenari keinu egin zion finalean

22-17 gailendu zitzaizkien Antzuolan Maddi Barrokal eta Naroa Agirreri, 57 minutu iraun zuen partida borrokatu eta gogorrean. Hamabosna berdinduta joan ostean, urdinek gehiago asmatu zuten azken txanpan. Herriko alaba izendatu zuten txapelketako pilotaririk onena.

Ruiz de Infante eta Galeano, pozarren, ondo landutako txapelak buruan dituztela.
Ruiz de Infante eta Galeano, pozarren, ondo landutako txapelak buruan dituztela. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Emakumeen esku pilotako inoizko txapelketarik luzeenak baditu dagoeneko txapeldun berriak: Ainhoa Ruiz de Infante otxandiarra eta Leire Galeano antzuolarra, azken honen herrian jokatutako finalean Maddi Barrokal eta Naroa Agirreri 22-17 gailenduta. Izaten den presioarekin, normala da finalak laster alde batera edo bestera egitea, baina, azken lau hilabeteei keinu bat egin nahian edo, atzoko partida gogorra eta lehiatua suertatu zen eta 57 minutu iraun zuen. Azken txanpa horretara osoago heldu izanak eman zien garaipena atzo urdinez jantzi ziren pilotariei. Akatsik ez egitea izaten da, askotan, halako partidetako giltza, eta alde horretatik erabakigarria suertatu zen Leire Galeanoaren lana, finala pilota bakar bat galdu gabe amaitu baitzuen.

Presio bikoitza zuen atzokoan Antzuolako atzelariak, final baten zamari, herritarren aurrean jokatzearena batu baitzitzaion. Baina aurretik ere esana zuen gustukoa zuela etxean aritze hori eta maila bikaina eman zuen, txapelketako pilotaririk onenaren saria merezi izateraino.

LEHIA BIZIA

Hori bai, agian Maddi Barrokalek eta Naroa Agirrek hobeki ekin zioten finalari, baina denborarik handienean lehia oso estua izan zuten bi bikoteek, alde batera zein bestera abantaila handirik gabea.

Bi atzelarietan inor ez zen bestea nabarmen dominatzeko gai izan. Tanto luzeak eta piloteatuak suertatu ziren, aurrelariei airez sartzeko aukera askorik eman gabe, dejadaz saiatzera behartuz.

Arlo honetan, lehen erdian gehiago asmatu zuen Barrokal bergararrak, baina azken txanpan gauzak aldatu eta Ruiz de Infante otxandiarra eraginkorrago aritu zen, batez ere hamabosnako, partidako azken berdinketatik aurrera.

Nekeak ere faktura pasatu zuenez, azken txanpara osoago heldu ziren Ruiz de Infante eta Galeano. Bestalde, Naroa Agirreren eskuin eskuak minduta egotearen zantzuak erakutsi zituen. Denak batuta, irabazleek 4-0eko partzial batekin zuloa egin zuten eta, gorriek erantzun txiki bat izan arren, merezitako garaipena eskuratu zuten Ruiz de Infante eta Galeanok.

Promozio mailako finalean txapelak Ibarrola-Vertizentzat izan ziren, Aranburu-Arrastiari 22-18 gailenduta.