Jon GARMENDIAIdazlea

Osora

Badira aldatzen ez diren gauzak, baina aldatzen saia gaitezkeenak. Askotan, lortzeak baino esperantza gehiago pizten duelako saiatzeak». Atzo goizean esaldi hauxe etorri zitzaidan burura.

«Nola aldatzen diren gauzak kamarada» kantatzen zuen Hertzainak taldeak 80ko hamarkadaren hastapenean. Xabier Montoiak idatzitako hitzek bazuten gustuko nuen zati hau: «amets egin genion elkarrekin eta horretaz luzaro ihardun genion, bainan orain non zegok gure askapena?». Auskalo. Hau da, noiz eta nola erantzun galdera horri?, anakroniaren galtzetan josten den esaldia. Ebaki eta moztu, galtzak laburtzeko, ea gero luzatzen ahal diren. Joandakotik etorri, eta berriro joan. Marcel Prousten madalena bezala da, dastatu bezain laster atzera egiteko, oroitzapenak eta esperantzak ernatzen ari ziren une hartara itzultzeko.

Lerrook idazten ari naizen unean ez dakit zer gertatu den sortu nintzen autonomia erkidegoko hauteskundeetan. Agian loreontzian dago aldaketaren hazia, eta hura hazten ikusiz aldatuko gara gu ere. Ulertu dut saiatzeak esperantza dakarrela. Hau ez dago gelditzerik, egin daiteke, izan liteke. Ttipia izanda ere, pozak ez du nehor triste jartzen. Eta alaiki aitzina egiteko tenorea da orain, Euskal Herri osora ailegatuko baita aldaketa, baldin eta itxaropen horrekin bizi bagara.